2008/05/11
Zazpi milioi serbiar botoa emateko eskubidea dute, Kosovon bizi diren serbiarrak barne. Emaitza aurreikustea oso zaila da Gobernua bereganatzeko bi aukera nagusiak bata bestearengandik hurbil direlako: Boris Tadic buru duen Alderdi Demokratikoa (DS) eta Alderdi Erradikal Serbiarra (SRS) nazionalista.
Hauteskunde kanpainan Kosovo eta EB izan dira eztabaidagai nagusiak. Izan ere, Kosovoren eta Europar Batasunaren inguruko erreferendum gisa ikusten dituzte askok hauteskundeak. DSren alde egitea, Europaren alde egitea suposatzen du eta erradikalei botoa ematea, ostera, Serbiako lurraldetasunaren alde egitea da.
Hala ere, serbiar gehienak (%70) Europaren aldekoak dira, nahiz eta Tadicek botoen %31,5 jasoko dituela esan duten azken galdeketek, Jelica Minic politika adituaren arabera. "Serbiako benetako arazoak ezkutatzeko" erabili dute Kosovo, Minicen hitzetan.
Parlamentuko 250 diputatu aukeratuko dituzte gaur serbiarrek. 22 zerrenda eta 3.137 hautagai aurkeztu dira hauteskundeetara. Baina, horretaz aparte, Vojvodinako Batzarraren 120 diputatuak eta 24 hiritako eta 150 herritako ordezkariak aukeratuko dituzte.
Erradikalen gorakada
Erradikalek gorakada izan dute eta faborito dira, ipar aberatsaren eta hego pobrearen ezberdintasunak direla eta, eta Gobernuko zenbait kidek ustelkeria kasutan inplikatuta egoteak ere horretan lagundu dute. "Gure garaipenean ez dugu zalantzarik, gizarteak aldaketak nahi dituelako eta ez bakarrik promesak", azpimarratu du Elena Pavlovski SRSko ordezkariak.
Euskadi Irratiko azken albistegia