
2008/05/10
Athleticek Racingen aurka jokatuko du denboraldiko azken neurketa San Mamesen. Zuri-gorriek Intertotorako txartela dute jokoan. Baina, batez ere, zaleen artean ahozapore gozoa utzi gura dute. Denboraldion ere taldeari sekulako babesa erakutsi dioten jarraitzaileei, hain zuzen eren. “Odola eman digute”, adierazi du Caparrosek.
Santanderreko Racing izango du aurkari talde zuri-gorriak. Aspaldian partida beroak izan dira kantabriarren aurkakoak. Caparrosek ez du neurketa gehiago berotu gura izan, eta aurkariak orain arte egindako lana nabarmendu gura izan du."Oso gaitza da denboraldi osoan zehar maila berbera mantentzea. Ligako ezusteko nagusia izan da. Racingek denboraldi ona egin du eta azken urratsa ematea du xede".
Aurkariak egindako beharra goraipatu arren, Athleticek ez dio erraztasunik emango. Horretarako, Caparrosek aldaketak egingo ditu hasierako hamaikakoan. Atzean Ustaritzen eta Prietoren artean aukeratu beharko du. Abadiñoarrak gehiago jokatu du, baina lesio batetik osatu berria da.
Zelai erdian aurreikusten dira aldaketa gehien. Hegal biak berriak izango dira. Susaetak eta Gabilondok jokatuko dute Cuellarren eta David Lopezen partez –errioxarra deialditik kanpo utzi dute-. Aurrean, berriz, Adurizek eta Llorentek jarraituko dute. Etxeberriak min du bizkarrean eta ez du jokatuko.
Athleticen ustezko hamaikakoa:
Armando; Iraola, Prieto, Amorebieta, Del Horno; Susaeta, Yeste, Gurpegi, Gabilondo; Aduriz eta Llorente.
San Mames
21:00etan
Velasco Carballo