2008/05/09
Hizbula talde xiitaren jarraitzaileek eta Libanoko oposizioko aliatuek Beirut mendebaldeko "kale guztien" kontrola hartu dute eta inguru horretako borrokaldiak eten egin dira, Polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Libanoko telebistek inguru horretako kaleetako irudiak atera dituzte; kaleak hutsik ageri dira eta itxuraz, lasaitasun osoz.
Beiruteko alde musulman guztia kontrolpean dauka jada Hizbulak Gobernuaren aldeko miliziek mugimendu xiitaren menpe ez zegoen barruti bakarrean armak utzi ondoren, segurtasun iturriek jakinarazi dutenez. Armada inguru hartan barreiatuta dagoela gehitu dute.
Tarek al Yadeedi barrutia baino ez zuen falta Hizbulak hiriburuko alde musulman guztia kontrolatzeko.
Saad Haririren Gobernuaren aldeko miliziek negoziazioak abiatuta zituzten Hizbularekin amore emateko, gutxienez 11 lagun hil eta 30 zauritu diren hiru egunetako liskarrei bukaera emateko.
1975-1990 urteen arteko gerra zibilaz geroztik izan diren borrokaldi larrienak aste honetan piztu dira Gobernuak Hizbularen telekomunikazioen sarearen aurka jardutea erabaki ondoren. Neurri hori "gerra deklaraziotzat" jo du mugimendu xiitak.
Asaltorako fusilak eskuan dituzten gaztez, suntsitutako autoz eta sutan dauden eraikinez bete da hiriburua eta granada leherketen eta metrailadore tiroen zarata ere etengabekoa da.
Koalizio Gobernuko zenbait kiderenak diren komunikabide komertzialen kontrola hartu dute Hizbulako milizianoek.
Saad al Hariri lehen ministro sunitaren telebistak eta irratiak emititzeari utzi diote. Gobernuaren aldeko alderdien bulegoak ere okupatu dituzte miliziek, bereziki musulmanak bizi diren hiriaren mendebaldean eta Gobernuaren hainbat egoitza hartu dituzte euren gain. Krisi honetan neutral mantentzen saiatu da Gobernua.
Aireporturako bideetan ere nagusitu da Hizbula; errepide horiek, gehienak, atzotik itxita daude.
Middle East Airlines konpainiaren arabera, hegaldi guztiak eten dituzte, gutxienez, bihar arte.
Gerra zibilaz geroztik krisi txarrena
Gerra zibilaz geroztik gertatzen den krisi txarrena bizi du egunotan Libanok. Herrialdeak ez dauka presidenterik iragan azaroan Emile Lahouden agintaldia bukatu zenez geroztik, Gobernuko koalizioak eta Hizbula buru duen oposizioak akordiorik lortzen ez dutela eta.
Talde xiitak Siriaren eta Iranen babesa dauka. Azken egunetan Beiruten liskarrak izan dira Hizbularen eta Gobernuaren aldekoen artean eta ia erabat blokeatuta dago lehenengoek barrikadak kokatu dituztelako, bereziki, aireportuaren inguruan.
Liga Arabiarraren premiazko bilera eskatu du Saudi Arabiak
Libanoko Gobernuari babes nagusienetakoa ematen dion Saudi Arabiak Liga Arabiarreko Atzerri ministroen premiazko bilera eskatu du Libanok bizi duen krisiari buruz eztabaidatzeko, Al Arabiya telebista kateak jakinarazi duenez.
Bestalde, Europar Batasuneko presidentetzak erakunde xiitari "jarduera disruptibo oro" bertan behera uzteko deia egin dio eta indarkeria berehala bertan behera uzteko eskatu dio.
Euskadi Irratiko azken albistegia