logo de eitb24
2008ko maiatzak 13 | 12:33:17
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

'AMSTETTENGO MUNSTROA', AUSTRIA

Alaba bortxatzeak "mendekotasuna" sortzen ziola esan du Fritzlek

2008/05/09

Abokatuari egin dizkio adierazpenok Josef Fritzlek. 24 urtez alaba bortxatzen aritu ondoren bere burua "zahar" ikusita, etxera hiru seme-alabarekin bueltatuko zela zioen eskutitza idaztera behartu zuen Elisabeth.

24 urtez alaba soto batean bahituta izateaz eta behin eta berriz bortxatzeaz akusatutako Josef Fritzlek esan du bere biktimarekin sexua izateak "mendekotasuna" sortzen ziola.

73 urteko Fritzlek Rudolf Mayer bere abokatuari emandako elkarrizketa batean egin zituen adierazpenok. Elkarrizketa horretako zati batzuk News Austriako astekariak argitaratu ditu.

Bere alabarekin sexu-harremanak izateko bulkada "gero eta handiagoa" zela agertu du Fritzlek. Ukatu egin du, ordea, Elisabethek Poliziaren aurrean hala salatu arren, 11 urte zituenetik bortxatu zuela.

News astekariak argitaratutako artikulu horretan atxilotuak aitortu du bazekiela alabari min egiten ziola baina "debekatutako zerbait egiteko gogo bizia" handiegia zela gaineratu.

Sei aldiz utzi zuen haurdun Amstettengo munstroa bezala ezaguna den gizon honek 24 urteetan zehar bahituta izan zuen alaba.

Horri dagokionez, Fritzlek esan du "pozik hartzen zituela seme-alabak" eta polita iruditzen zitzaiola "sotoan benetako familia bat izatea".

Mikrokosmos beldurgarri horretan ustezko kriminal honek autoritate eztabaidaezina zuen alabaren eta berarekin batera bizi ziren hiru seme-alaba-iloben aurrean. "Familia-buru gisa onartzen ninduten. Inoiz ez lirateke niri eraso egiten ausartuko", agertu du Fritzlek.

Izan ere, zulo-ko atea elektrifikatuta zegoela eta ukituz gero elektrokutatuta hilko zirela ohartarazi zien behin.

1967an bortxaketa delitu bat egotzita kondenatu zuten Fritzlek 1984an bahitu zuen alaba eta sekta ezezagun batera joan zela asmatu eta kontatu zuen.

"Elisabeth, behartuta, kanpoarekiko isolatuta mantentzeko toki bat behar nuen"

Bere krimena justifikatzeko argudio gisa Fritzlek abokatuari agertu zion Elisabeth nerabe egin zenean bere arauak errespetatzeari utzi ziola eta "alkohola edaten eta erretzen" hasi zela. "Horregatik prestatu behar izan nuen uneren batean Elisabeth, behartuta, kanpoarekiko isolatuta mantendu ahal izateko toki bat", esan zuen Fritzlek.

Alabarekin izandako seme-alaba ahulenak bere etxera igo zituela berretsi zuen Fritzlek berak. Horrez gain, alaba eskutitzak idaztera behartu zuela ere agertu du, haurrak Elisabethek abandonatu zituela sinestarazteko eta umeok agertu izana justifikatzeko.

"Amstettengo kartzelaria" bezala ezaguna den gizon honek Elisabeth beste eskutitz bat idaztera behartu zuen iragan urtarrilean, gutxi barru etxera hiru seme-alabarekin bueltatuko zela iragartzeko.

"Zahartu" egin zela eta etorkizunean sotoan gordeta zuen bere familia "zaintzerik" izango ez zuela azaldu du Fritzlek. Denbora guzti horretan sekta bateko kideekin bizi izan zirela kontatu behar zuten Elisabethek eta haren seme-alabek, Josefen planaren arabera.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta