logo de eitb24
2008ko maiatzak 13 | 20:38:18
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

ELKARRIZKETA 'GANBARA' SAIOAN

Ibarretxek kontsulta elkarrekin deitzea proposatuko dio Zapaterori

2008/05/09

Lortzea espero duen akordioaren ingurukoa izango da, eta akordio hori EAJk eta PSEk Loiolan adostutakoan oinarrituko da. Proposamen malgua izango dela azpimarratu du.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gaur iragarri duenez, Loiolan negoziatutakoan oinarritutako akordioa, PSE-EEk babestutakoa, eskainiko dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteari maiatzaren 20an. Ibarretxek uste du ETArekin hitz egin beharko litzatekeela baldintzak ematekotan eta printzipio demokratikoa, hau da, elkarbizitzarako marko bat adosteko alderdien-mahaia sortzea defendatu du.

Azken bi puntu horiek lehendakariak Zapaterori atzo bidali zion eskutitzean daude, baina horretaz gain, PSE-EEk Loiolako elkarrizketetan sinatzea hitz eman zuen beste oinarri politikoak ere helarazi dizkio gutunean.

Lendakariak zehaztu du lortzea espero duen akordioaren inguruko kontsulta batera deitzea proposatuko diola. Akordio hori EAJk eta PSEk Loiolan adostutakoan oinarrituko da.

"Alderdi sozialista sinatzeko prest zegoena, sinatu dezagun, biok. Nik Legebiltzarrera eramango dut berretsi dezaten, eta ondoren gizarteari deialdia egingo diogu, batera. Deialdi hori kontsulta baterako izango da, eta kontsulta horretan berretsi egingo da euskal alderdi politikoek hemendik eta 2010eko bigarren zatira arte, sinatutakoan oinarrituta, euskal gizarteak erreferendumean bozkatuko duen proiektu juridiko-politiko bat egingo dutela", baieztatu du Ibarretxek.

Erabat legezkoa eta den kontsulta bat eta proposamen irekia eta malgua. "Lauki guztiak betetzeko daudela", adierazi du.

"Eskua elkarrizketarako luzatuta"

Lehendakariak eskua luzatu du, baina elkarrizketa ez badute onartzen, amaierara arte helduko da. "Erabat prest nago, eskua elkarrizketarako luzatuta, baina ez badute elkarrizketa hori onartzen, ez gara geldituko, aurrera jarraituko dugu".

Gainera, ziurtatu du EAJ erabat alde duela nabari duela, eta alderdi horrekin eskutik helduta jarraituko duela une oro. Halaber, hirukoko kideak ere alde dituelakoan dagoela esan du, eta laguntza guztia eskertu dio.

Ez du argitu hauteskundeak aurreratuko diren

Ibarretxek ez du argitu nahi izan hauteskundeak aurreratuko diren, baina konpromisoak beteko dituela baieztatu du. Lehendakari berriro izateko hautagai izango den ere ez du esan.

Radio Euskadiren Ganbara saioari eskainitako elkarrizketan, Ibarretxek ez du zehaztu hauteskunde-autonomikoak aurreratuko dituen ala ez. "Pausuz pausu egin behar dela uste dut, goazen datorrena ikustera, eskailerak ezin dira binaka igo, tupust egingo genuke". "Elkarrizketetan eta Legebiltzarreko osokoan zer gertatzen den ikus dezagun", gaineratu du.

Atzo Zapatero presidenteari igorritako mezuan hiru puntu azpimarratu dituela adierazi du lehendakariak. Horietako batean 2006ko urriaren 25ean Loiolako elkarrizketetan PSE-EEk babestea hitz eman zuen "oinarri politikoak" egongo lirateke. "Loiolan eman ziren akordioetako oinarri politikoak berak eta nik sinatzea proposatuko diot", azaldu du.

Gainera, "ETAk indarkeria uzteko erabaki garbia egiten badu, Diputatuen Kongresuan 2005ean onartutako adierazpena" aplikatzea ere eskatuko dio.

Lehendakariak "bien artean adostutako" oinarrietatik alderdien-mahaia sortzea proposatuko dio Espainiako gobernuburuari. Hala, alderdi guztien artean akordio batera iritsi eta 2010ean erreferenduma deitzeko.

Baldintza horietan akordioa lotuz gero, Eusko Legebiltzarrera igorriko litzateke ekainean bertan bozkatzeko.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta