logo de eitb24
2008ko uztailak 24 | 04:43:15
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Kultura

FANTASIAZKO ZINEMA, BILBO

FANT jaialdia gaur hasiko da 'The Mist' pelikularen estreinaldiarekin

2008/05/08

Maiatzaren 16ra arte luzatuko da, eta pelikulak, dokumentalak eta film laburrak ikusi ahal izango dira. Bestalde, Bergmanen, Val Lewtonen edota David Lynchen lanak ikusgai egongo dira, besteak beste.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XIV. edizioa gaur abiatuko da, Stephen Kingen narrazio batean oinarritutako The Mist filmaren estreinaldiarekin. Aurtengo jaialdia maiatzaren 16ra arte luzatuko da, eta bertan hogeita hamar bat pelikula, dokumental eta film labur ikusteko parada egongo da Capitol zinema aretoan eta Barrainkuako Udaltegian.

The Mist filmaren zuzendaria Frank Darabont da, lehendik Stephen Kingen moldaketak egin izan dituena, Cadena perpetua edota La milla verde kasu. FANT jaialdia inauguratzeko emango den pelikula atal ofizialaren barruan ikusi ahal izango da Capitol zinema aretoan, 19:45ean hasita.

Atal ofizialarekin jarraituz, hildako bizien azpigeneroaren zaleek George A. Romero zinemagile mitikoaren Diario de los muertos filmaz gozatzeko aukera izango dute, baita Park Chan-Wook zuzendari korearraren I'm a cyborg but that's OK pelikulaz ere, jatorri desberdineko beste hainbat lanez gain.

Bestalde, zinema klasikoaren txokoan, errepaso sakona egingo zaio Val Lewton ekoizle ezagunaren lanari La Mujer Pantera edota Yo anduve con un zombie pelikulen proiekzioarekin. Horrez gain, "FANT Erreskatean" atalean, jaialdiak zazpigarren arteko maisulanak pantaila handian ikusteko aukera eskainiko du; kasu honetan, Carl Theodor Dreyeren La bruja vampiro eta Ingmar Bergmanen La hora del lobo ikusgai egongo dira.

Programazioa osatuz, ohiko atalak ere antolatuko dira, hala nola "Zinearen Pozoia" izenekoa, David Lynch eta Lars von Trier zinemagileei buruzko dokumentalak emango dituena edota "FANT & Rock" deritzon topagunea, rock musika eta beldurrezko zinemaren zaleak elkartuko dituena.

Gainera, aurtengo edizioan haurrentzako zinema ere berreskuratuko da, Franklin eta lakuko altxorra filma euskaraz ikusteko aukera eskainiko baitute.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta