2008/05/08
Josean Kerejetak, TAU Ceramicaren presidenteak, esan zuen behar-beharrezkoa dela Zoran Planinic, Simas Jasaitis eta Tiago Splitter lesionatuak lehen bait lehen osatzea Lauko Finalean taldeak jasotako bi porroten ondoren.
"Nahiz eta bi partida txukun egin Lauko Finalean, argi dago animoak eta alaitasuna galtzen direnean sentsazioa ez dela ona. Dena den, hori iragana da eta ilusioz ekin beharko diogu play-offari", esan zuen baskoniarren buruak.
Jokalari berrien etorrerarik egongo ez dela konfirmatu ondoren, Kerejetak Zoran Planinic aurreneko kanporaketarako (Pamesaren edo Akasvayuren aurka) egongo ez dela aurreratu zuen.
Simas Jasaitis C.B. Granadaren aurkako partidarako baja izango dela konfirmatu zuen presidenteak. Lituaniarrak aldakan arazoak ditu eta errekuperatu ezinik dabil. Bestalde, Tiago Splitter taldekideekin batera abiatu da Granadarantza, baina partida hasi aurretik erabakiko du jokatu duen ala ez, ukondoan arazoak baititu.
Euskadi Irratiko azken albistegia