logo de eitb24
2008ko maiatzak 12 | 09:04:01
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

AMNISTIAREN ALDEKO BATZORDEAK

Defentsarako eskubidearen urraketa salatu dute Europako abokatu batzuek

2008/05/08

Europako Abokatu Demokraten elkarteak "terrorismoaren kontzeptua modu arbitrario eta onartezinean" hedatu dutela ere salatu du. Abokatuon esanetan, inputatuen delitua "eskubide falta salatu izana" da.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakundeen aurkako prozesuan auzipetutako 27 lagunak defendatzen dituzten abokatuen "kriminalizazioak" "gutxiengo berme demokratikoak dituzten epaiketen bukaera" dakarrela salatu du Gilberto Pagani Europako Abokatu Demokraten elkarteko presidenteak.

Arantza Zulueta eta Ainhoa Baglieto eta erakundeotako kideak defendatzen dituzten beste abokatu batzuekin batera Bilbon komunikabideen aurrean egindako agerraldian Paganik salatu du Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren sumarioan "defentsarako eta sekretu profesionalerako eskubideak urratzen" ari direla.

"Oso larritzat" jo du "beharrezko bermerik gabe" abokatu batzuen bulegoetan sartu eta egoitzok miatu izana eta abokatuaren eta bere bezeroaren arteko komunikazioen konfidentzialtasuna urratu dutela.

Paganik errefusatu egin ditu Amnistiaren Aldeko Batzordeetako eta Askatasunako kideei "erakunde armatuko kide" izatea egostea, "terrorismoaren kontzeptua" modu "arbitrario eta onartezinean hedatu" dutela agertuta. "Ekintza armatuak egin beharrean, borroka politiko eta sozialeko jarduera" burutu dutela deritzote abokatuok.

Abokatuen talde honek iragan apirilaren 19an egindako azken bileran, euren ustez, Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa honetan gertatzen ari den "berme juridiko falta" salatzeko testua onartu zuen eta "defentsa eskubidearekin lotuta gerta litezkeen urraketak salatzeko" epaiketan egongo zirela iragarri zuten.

Delitua "eskubide gabezia salatu izana" da

Beste alde batetik, Baglietoren iritziz akusatuak "babesgabe" daude defendatzen zituztenekin izandako elkarrizketak froga gisa sartu zituztenetik. "Ojektu penala zehaztugabea" dela azaldu du, "gertaeren indibidualizaziorik ez" dagoelako. Horren ordez, ETArekin "elkarlanean egin izana bezalako jarduera larriak egotzi dizkiete" talde batekoak izateagatik.

Esan duenez, "-inputatuek egindako- benetako delitua, Zigor Kodeak tipifikatzen ez duena, eskubide gabezia eta liskar politiko bat dagoela salatu izana da". "Mota horretako auzipetzeekin (18/98 auzia eta Ino Galparsororen kartzelatzea) Estatuak erakutsi nahi du disidentzia politikorako tokirik ez dagoela", gaineratu du.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta