2008/05/08
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren erabakia "oso positiboa" da, Ogasun Saileko iturriek agertu dutenez.
Ogasuneko iturri beren arabera, abokatu nagusiaren iritziak "banan bana desegin ditu (euskal opor fiskalen) kontra zeuden aldeen alegazioak, bai mugakide diren autonomia erkidegoenak (Errioxa eta Gaztela eta Leon) eta baita Errioxako UGTrenak ere, Europar Batzordearen beraren kontrako alegazioez gain".
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, abokatuak "Azoreseko epaia" deritzonaren irizpideak zerrendatu ditu eta "euskal araudiak aipatu irizpideetan inkardinatu ditu, hain zuzen, gure arauak irizpide horiekin bat datozela ondorioztatzeko".
Jaurlaritzak gogora ekarri duenez, Luxenburgoko Auzitegiko Salaren ebazpena abokatuak esandakoaren ildo beretik etortzea besterik ez da falta (hala izan ohi da). Horrela bada, Kontzertu Ekonomikoaren "Europako mihiztaduraren" finkatzean pauso erraldoia emango litzateke", esan du Jaurlaritzak.
Bizkaiko Diputaziotik, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren ustez, txosten hau lehen pauso bat da Europan Kontzertu Ekonomikoa blindatzeko.
Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako presidentearen ustez, erabaki horren ondoren euskal enpresek laguntzak berreskuratu ahal izango dituzte.
Bestalde, SEA Arabako enpresaburuen elkartea pozik azaldu da eta erabaki hori euskal enpresaburuentzako eta Kontzertu ekonomikoarentzako "laguntza handia" izango dela esan du.
Francisco Javier Aspiazu Cebek Bizkaiko enpresaburuen idazkari nagusiak poztasuna adierazi du eta "oso positibotzat" jo du erabakia. Halaber, "behin betikoa" izan behar duela esan du, "auzitegietan" euskal Ogasunek arauak ezartzeko gaitasuna "argitzeko" eta Europako legeetan "era ezinhobean sartu" daitezen.
Confebask Euskadiko enpresaburuen elkartearen arabera, Kokotten erabakia Kontzertu Ekonomikoarentzat eta euskal ogasunetako lehiakortasunarentzat "laguntza garrantzitsua" da.
Pedro Solbes Espainiako Gobernuko ekonomia presidenteordeak erakundeen, alderdien eta enpresaburuen pozarekin bat egin du, erabakiak "laguntza garrantzitsua esan nahi duelako Kontzertu Ekonomikoarentzat" eta Euskadiren "errealitate historikoarentzako oniritzia" delako.
Euskadi Irratiko azken albistegia