2008/05/08
Kobetasoniken parte hartuko duten banden zerrenda itxita dago jada, eta beste hiru taldek esku hartuko dutela jakinarazi zuten antolatzaileek. Gauzak horrela, Michael Schenker alemaniarra, Amerikako Estatu Batuetan bizi diren Brujeria mexikarrak eta Arch Enemy suediarrak izan dira Bilboko jaialdian aritzeko gaineratu diren azken bandak. Hirurek ere ekainaren 21ean (larunbata) joko dute. Egun horretako jardunaldiaren buru hard rockaren eta heavyaren zalantzagabeko izarrak egongo dira: Kiss, Europe, Dio, Saxon eta Blind Guardian, besteak beste.
Michael Schenker Scorpions eta UFO taldeetako kidea izateagatik da ezaguna. Scorpionsen bandaren aldirik gogorrenean aritu zen, hau da, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadako lehendabiziko urteetan. 1979an, ordea, banda propioa eratu zuen, Michael Schenker Group izenekoa.
Kobetamendin jardungo duten talde ospetsuen arteko beste bat Brujeria izango da. Narko-metalaren erregea den banda mexikarrak 1990ean ekin zion bere ibilbideari. Bertako kideek, Juan Brujo buru dutela, Faith No More edota Fear Factory bezalako metalaren panoramako talde entzutetsuetan dute jatorria, eta ezizenak hartu zituzten Brujerian aritzeko.
Atzo baieztatu zuten hirugarren eta azken banda death metal melodikoa egiten duen Arch Enemy da. Suediarrek 90eko hamarkadaren erdialdera sortu zuten taldea Michael Amott (Carcass, Spiritual Beggars) gitarra-jotzailearen eskutik.
Jaialdia ekainaren 20an eta 21ean egingo da, eta, beste askoren artean, Slayer, Kiss, Judas Priest, Ministry, Helloween, Blind Guardian, Gamma Ray eta Cavalera Conspiracy taldeen emanaldiak hartuko ditu. Bi jardunaldietara sartu ahal izateko bonoak 125 euroko salneurria du, eta egun batekoak, berriz, 68 eurokoa.
Euskadi Irratiko azken albistegia