2008/05/08
Myanmarren AEBk duen Enbaxadak jasotako informazio batzuen arabera, 100.000 izan litezke Myanmarreko Irrawaddy deltan 'Nargis' zikloiaren eraginez hil direnak.
"Jaso ditugun informazioek diote 100.00 inguru direla deltaren inguruan hil direnak", adierazi du Shari Villarosa Enbaxadaren negozioetako arduradunak Yangonetik bideokonferentzia bidez azaldu duenez.
Villarosak esan du informazio hori ez dutela baieztatu eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek helarazitakoa dela, hala ere, ez du zehaztu zein erakundek eman duen horren berri.
Myanmarreko Junta Militarrak aitortu egin du Labutta barrutian 80.000 pertsona hil direla, baina, dena dela, benetako hondamendia norainokoa den ezkutatzen ari da.
Bestalde, militarrek AEBen laguntza humanitarioa onartu dute.
Izurriteak izateko arriskua
"Deltako egoerak gero eta ikaragarriagoa dirudi", adierazi du Villarosak. "Gaixotasunak sortzeko arrisku handia dago" ur edangarri faltarengatik. Gainera, inguru hartara iristea oso zaila dela esan du diplomazialari estatubatuarrak, izan ere, errepide eta zubi asko txikituta geratu dira.
Nazioarteko laguntzak
Villarosak agertu duenez, AEBk Myanmarreko ministro edo goi-kargudunekin bildu nahi du nazioarteko laguntzak onar ditzaten sinestarazteko. Villarosak honakoa gaineratu du: "Laguntzak atzeratu ahala, biktima gehiago egongo da".
Euskadi Irratiko azken albistegia