2008/05/07
Asteazken honetan hizkuntza gutxituen inguruko eztabaida izan dute, 16:30ean hasita eta 20:00ean bukatuta.
Euskararen estatusari buruz Asanbladan egiten duten lehen eztabaida izan da, eta Iparraldeko ordezkariak bertan izan dira.
Christine Albanel kultura ministroa saioari hasiera eta amaiera ematearen arduraduna izan da.
Eztabaidan, egon diren diputatuak hizkuntza gutxituen inguruko lege berri bat ateratzearen alde agertu dira.
Jean Lasalle Asanbladan egondako Iparraldeko hiru diputatuetako batek baieztatu duenez, "lege berria sortzea lortzekotan, Frantziako hizkuntzei buruzko politika berriak eratzen hasteko gai izango gara, espainiar Estatuan egindako moduan".
Asteazken honetako eztabaida historiko honekin Frantziako hizkuntza gutxituak pixka bat gehiago errespetatuko dira.
Beste alde batetik, UNESCOk Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du 2008 eta, ekainean Frantziak Europar Batasuneko presidentetza hartuko duela gogoratuta, gaurko eztabaida une egokia izan da herrialde horretako hizkuntza gutxituen aldeko neurriak hartzeko.
Europako hizkuntza gutxituen gutuna
Bestalde, Christine Albanel Kultura ministroak azaldu duenez, Frantziak ez du Europako hizkuntza gutxituen gutuna berrestuko. 1999an sinatu zuen gutuna, baina sekula ez dute berretsi, Batzorde Konstituzionalak azaldu zuenez, horretarako Konstituzioa aldatu beharko litzateke, eta honek 1992tik zera adierazten du: frantsesa "Errepublikako hizkuntza bakarra" da.
"Gutuna berrestea gure printzipioen aurkakoa da. Ezartzea oso zaila eta garestia litzateke", azaldu du, eta praktikan lortzea "gutxienez eztabaidagarria" da, Albanelek legegileen aurrean esan duenez. Frantzian 75 lengoaia gutxitu daude, eta ministroak adierazi duenez, "herrialdearen historia eta geografiaren" zati garrantzitsu dira.
"Beraien aniztasuna, aniztasun frantziarraren ispilua da", azaldu du, eta "euskal hizkuntzaren berezitasuna" goraipatu du, Frantzian bretoia edo "latina baino lehenago" zegoen presente bere hitzetan, eta "Europan gelditzen den zeltiar jatorriko hizkuntza bakarra" da.
Euskadi Irratiko azken albistegia