2008/05/07
Gipuzkoako Ogasunak 2003. urtean izan ziren 100.000 eurotik gorako balioko 32 finantza-eragiketa aztertuko ditu. Eragiketok 500 euroko billeteekin egin zituzten gipuzkoarrek eta iruzurra izan den ala ez baieztatuko dute.
Pello Gonzalez Ogasun Saileko ahaldunak adierazi duenez, eragiketa guztiak 2003 urtean izan ziren eta, horrez gero, datorren ekainean preskribatu egingo dira, iruzurren zantzuren bat atzematen ez duten bitartean.
Datu horiek Zerga Administrazioko Agentziak helarazitakoak dira, ikerketa orain dela bi urte hasi baitzuen. Ikerketa garatzeko Agentziak banku guztiei eskatu zien mota horretako eragiketa guztien berri eman ziezaioten. Transakzio guztien balioa 10,5 milioikoa da.
Gonzalezek esandakoaren arabera, Agentziak eragiketen %60-70 iruzurrak direla uste du. Ahaldunak azaldu duenez, Aldundiak eragiketen inguruan dauden datuak ezagutzen ditu, besteak beste, dirua eman eta jaso zutenen izenak, bankuenak eta eragiketak egin ziren egunak.
Ikerketa horri buruz aritzeaz gain, Pello Gonzalezek Foru Aldundiko "barne kontrolerako estrategia" aurkeztu du, gipuzkoarren konfiantza berreskuratzeko asmoz egindakoa, alegia. Konfiantza galduta zegoen Irungo Ogasunaren ustezko iruzurra eta Jon Jauregiren errentaren datuak plazaratu zirenetik.
Euskadi Irratiko azken albistegia