2008/05/07
Aitor Bezares EAE-ANVko bozeramaileak kritikatu egin du atzo Arabako Batzar Nagusiek alderdi abertzalearen taldea desegin izana, eta PSOEk eta EAJk "jazarpen estrategiaren baitan" adostutako neurria dela iritzi dio. Haien helburua ezker abertzalea "isilaraztea" eta "zapaltzea" dela esan du.
Arabako Batzar Nagusietako Mahaiak (PP, EAJ, PSE eta EB daude ordezkatuta) EAE-ANVren taldea desegitea adostu zuen atzo aho batez, alderdi abertzalearen jarduera eteteko Baltasar Garzon epaileak kaleratutako autoa betetzeko.
Bazaresek, ANVko beste hiru batzarkide alboan zituela, bere taldearen desegiteak agerian uzten du "Batzar Nagusien autonomia eza" eta Mahaian ordezkatuta dauden alderdien "menpekotasuna" Estatu espainolarekiko.
Buruzagi abertzalearen ustez, neurri horrek beste urrats bat gehiago suposatzen du "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeran", eta pauso hori "EAJren laguntzarekin eman da", salatu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia