logo de eitb24
2008ko uztailak 09 | 09:49:29
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Kultura

EUROPAKO DATUAK

'Las vacaciones de Mr. Bean', 2007ko Europako film ikusiena EBn

2008/05/07

Europako Ikus-entzunezko Behatokiak emandako datuen arabera, film honek 15,25 milioi sarrera saldu zituen.

Las vacaciones de Mr. Bean koprodukzioak 15,25 milioi sarrera saldu zituen, eta hori dela eta Europako pelikula ikusiena izan zen 2007an EBn. Datuok Europako Ikus-entzunezko Behatokiak eman ditu jakitera.

Zerrendako hurrengo bi filmak frantziarrak dira, La Vida en Rosa (7,2 milioi sarrera baino gehiago) eta Taxi 4 (5,3 miloi sarrera). Laugarrena Frantziako eta Britainia Handiko koprodukzio bat da, Arma Fatal (4,8 milioi sarrera), eta bosgarren pelikula europar ikusiena El orfanato espainiarra izan zen, 4,27 milioi sarrera baino gehiago salduta.

Europako Ikus-entzunezko Behatokiaren datuen arabera, 921 film ekoiztu ziren Europan, eta ekoizpenak gora egin zuen, batez ere Espainiako eta Frantziako Estatuetako datuei esker. Espainiako Estatuaren kasuan, 115 pelikula ekoiztu ziren, 2006an baino %9 gehiago. Frantziako Estatuan 133 film ekoiztu zituzten bertako kapitala erabilita.

Europar Batasunean gehien ikusitako hogei pelikuletatik hamazortzi estatubatuarrak izan ziren eta bi pelikula europar besterik ez ziren sartu zerrenda hartan, Las vacaciones de Mr. Bean eta La Vida en Rosa hain zuzen ere.

Bestalde, Behatokiak azpimarratu du iaz aurreko urtean baino %1,3 jende gutxiago joan zela zinema aretoetara eta guztira 919 milioi sarrera saldu zirela. Halere, Europako zinemak merkatu kuota zati bat berreskuratu zuen, %28,8ko kuota lortu zuen.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta