logo de eitb24
2008ko uztailak 07 | 12:36:11
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Kultura

MUSIKAL ARRAKASTATSUA

'Grease, zure bizitzako musikala' Bilbora helduko da Aste Nagusian

2008/05/07

Aurreikuspenen arabera, abuztuaren 21etik irailaren 9ra bitartean izango da ikusgai Euskalduna Jauregian.

Grease, zure bizitzako musikala, historian arrakasta handien izan duten musikaletako bat, Euskalduna Jauregira iritsiko da Bilboko Aste Nagusian, Bartzelonan denboraldi arrakastatsu bi egin ondoren; bertan, 600.000 ikusle baino gehiago izan ditu. Aurreikuspenen arabera, abuztuaren 21ean estreinatuko da eta irailaren 9ra arte egongo da ikusgai. Epe hori ez dute inolaz ere luzatuko.

Formatu handiko musikal honek kalitatearen eta ikusgarritasunaren aldeko apustua egiten du. Musika zuzenean jotzen da bertan eta eszenatoki gainean hogeita hamar artista inguru azaltzen dira, aktoreak eta dantzariak barne. Horretarako, zuzendaritzan Ricard Reguant, koreografian Coco Comin eta musika zuzendaritzan Manu Guix buru dituen talde artistiko bat dauka gidari. 1978an Randal Kleiserrek zuzendutako eta John Travolta eta Olivia Newton-John protagonista dituen filma hartu dute erreferentzia gisa.

Musikaleko pertsonaien paperak emateko orduan, casting zorrotz bat egin dute; Espainiako Estatuko 1.000 hautagai baino gehiago aurkeztu dira. Aurreko muntaia batzuetan, John Travoltak berak eta nazioarteko beste artista batzuek interpretatu dituzte pertsonaiok, besteak beste, Richard Gerek, Patrick Swayzek, Brooke Shieldsek eta Rosie O'Donellek.

Grease, zure bizitzako musikala-ren erakargarritasun handienetako bat soinu-banda da. Izan ere, dagoeneko klasiko bihurtu diren abesti arrakastatsuak ditu ("Summer nights", "You're the one that I want" eta "Hoplessly Devoloted to you", esaterako), gaur egun ere mundu guztiko irratietan entzuten direnak.

Musikala Bizkaiko hiriburuan ikusteko sarreren prezioa 18 eta 45 euro artekoa da eta 944 310 310 telefonora deituta, Euskalduna jauregiko leihatiletan, BBK-ko orotariko kutxazain automatikoetan eta Internet bidez (www.bbk.es) eskura daitezke.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta