2008/05/07
Zailtasunak zailtasun, Nazio Batuen Erakundea (NBE) hasi da Myanmarren laguntza banatzen gutxienez 22.500 lagun hil diren eta 41.000 pertsona desagertu diren hiri hondatuetan.
Junta Militarrak geldiarazita zituen 800 tona arroz banatzea ahalbidetu du; erregimenak, ordea, larrialdietako ekipoei ez diete sarrera errazten.
NBEk premiazko deia egin du langile humanitarioen sarrera azkartu dezaten eskatzeko, bisatu arauak kenduta. Horrez gain, Junta Militarrari egotzi dio izan den heriotza kopuru handia, populazioari ez ziolako jakinarazi Nargis zikloia zetorrela. Ekaitza igarota soldaduak bidali ere ez zituela egin agertu du, gainera.
Orain, miloi bat pertsona etxerik gabe geratu dira eta gosea, egarria eta gaixotasunak aurre egin beharreko arazoak dira.
Sarrera murrizketak Nazio Batuen ordezkariei
Nazio Batuen ordezkaritzaren laguntza agentzietako langileen mugimenduak mugatu zituen Junta Militarrak 2006an.
Ia gauza bera gertatzen da erregimenak onartutako hiru edo lau Gobernuz Kanpoko Erakunde atzerritarrekin; baliabide falta nabaria salatu dute.
Hiriburu ohian bizi diren eta etxeak galdu dituzten familiak orube hutsetan kanpatuta daude. Bertan, zenbait makilarekin eta eroritako zuhaitzen adarrekin eta sabai gisa plastiko bat jarrita egin behar diete aurre eguneko bero larriari eta gauez egoten diren euri zaparrada bortitzei. Euri horri esker zenbait ur ontzi betetzen dituzte.
Ur hornidurarik gabe daudela eta, enbaxadek, erresidentzia diplomatikoek eta hotelek erreserbak agortu dituzte edo kontsumoa mugatzea erabaki dute.
Agintariek polizia gehiago jarri dituzte Ranguneko tren geltoki zentralaren inguruan. Plastikoekin eta kaltetuen artean banatzeko beste material batzuekin iritsi ohi dira trenak bertara.
Hiriaren alde zaharrean ere segurtasuna berrindartu dute. Bertan demokraziaren aldeko martxa baketsuak egin zituzten iragan irailean monje budistek.
Bien bitartean, Junta Militarrak bere asmo politikoei eutsi die eta datorren larunbaterako aurreikusitako erreferendum konstituzionala mantendu du; inguru kaltetuenetan soilik atzeratu dute erreferenduma.
Euskadi Irratiko azken albistegia