
2008/05/07
Mikel Aranburu ez da igandean Cadizen aurka jokatzeko moduan izango. Eskubiko izterrean haustura txiki bat du, eta gutxienez astebete jokatu gabe egon beharko duela adierazi du arratsaldeko lan saioaren ondoren sendagileek igorritako oharrak. "Ez dago une aproposik min hartzeko, baina garbi dago hau ez dela egokiena- adierazi du azpeitiarrak- dena den, jokalari asko gaude taldean, eta seguru nago denen artean aurrera aterako dugula partida. Talde honek, lehenago ere, erakutsi du bidean sortutako arazo guztiei aurre egiteko gai dela eta orain ere seguru nago hala izango dela” esan du.
Markel Bergarak badu jokatzeko aukerarik
Aranburuz gain, Garitanok ere ezingo du jokatu, txartelen ondorioz zigortua dagoela eta. Hala, litekeena da Markel Bergarak jokatzeko aukera izatea, aspaldiko partez. Abenduaren 1ean jokatu zuen azkenekoz, Sevilla Atleticoren aurka. "Zaila da jokatu gabe zauden egoera bati aurre egitea, beti nahi dugulako jokatu. Garena baino gutxiago garela uste izaten dugu halakoetan, azken finean jokatzeko entrenatzen dugulako. Ez dakit igandean Cadizen aurka arituko ote naizen, baina azkenean berdegunean banago, gozatzen saiatuko naiz", adierazi du elgoibartarrak.