2008/05/06
Sustapen Ministerioko arduradunek bertan behera utzi dute Euskal Y eraikitzeko lanei ekiteko egin beharreko desjabetzeen aurreko akten izenpetzeko ekitaldia Aramaion, AHTren aurkako taldeek protesta egin dutelako, Asier Agirre (ANV) alkateak eta AHT Gelditu taldeko iturriek jakinarazi dutenez. Izan ere, iturrion arabera, 150 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute kanpoaldean.
Iturri horien arabera, 10:30erako aurreikusita zegoen ekitaldia eta ordu erdi geroago AHT Gelditu eta Elkarlana taldeek elkarretaratzea deitu dute Udaletxearen kanpoaldean desjabetzeen aurka protesta egiteko.
Asier Agirre alkatearen esanetan, Sustapen Ministerioaren menpeko den Adifeko arduradunek hartu dute akten izenpetzea bertan behera uzteko erabakia.
AHTren kontrako herritarrek elkarretaratzea egin dute eta Ertzaintzak karga egin du, Herrizaingo Sailaren arabera, tramitea egiten saiatzen ari zirenen kontra "mehatxuka" ari zirelako. Horrez gain, elkarretaratzea deitu duten bi lagunak identifikatu egin dituzte.
"Jendea kontutan hartzen ez" dutela eta "gai hau kosta ahala kosta" burutu nahi dutela salatu du Aramaioko alkateak. "Argi dago herritarrak kontra daudela eta jendeak uste du Euskal Herria bezalako herri batentzako bideragarria ez dela eta, horren aurrean, herritarren oposizioa eragina izaten ari dela ikusten ari gara", gehitu du.
AHT Gelditu plataformak erabakitzeko ahamena kaltetutako udalerriei bueltatzeko eskatu du eta, agertu duenez, eutsi egingo dio herritarrei informazioa emateko kanpainari.
Arabako udalerri honetan 600.000 metro koadroko nekazaritza eta baso-lur eremua desjabetuko dute AHT eraikitzeko.
Euskadi Irratiko azken albistegia