2008/05/06
Jaitsiera postuetatik irteten ahalegintzeko hiru partida besterik ez zaizkio geratzen Osasunari, eta Mallorcan punturen bat eskuratzea ia derrigorrezkoa da gorritxoentzat. Jose Angel Zigandak argi utzi du Real Madrilen aurkako jipoia ahaztuta dagoela: "Astelehenean Taxoarera iritsi orduko Mallorcako partidan soilik pentsatu behar genuela argi utzi genuen. Ez daukagu iraganari bueltaka jarduteko astirik, orain ez dago ez iraganik eta ez etorkizunik, oraina da garrantzitsuena, eta oraina Mallorcako partida da", esan du Larraintzarko entrenatzaileak.
Gainera, salbazioa lortzeko prest ikusten du bere taldea Zigandak: "Salbatzeko moduan gaude, seguru. Baso batean gaude, eta batzutan ez dugu argirik ikusten, baina ezin dugu erotu. Gelditu, pauso bat atzera eman eta sei taldeak gauden baso horretatik aldegiteko irteera bilatu behar dugu. Ez ditut nahi triste edo burumakur dauden jokalariak, Mallorcara datorrenak zelaian indar husteko prest egon behar du", adierazi du.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Zigandak gutxienez lau aldaketa egingo ditu igandean Real Madrilen aurka hasieratik jarri zuen taldearekin alderatuta. Atzealdean, Krutxaga zigortuta denez Josetxo ariko da bere tokian. Zelai erdian, Javi Garcia ariko da Puñalen ordez, eta Hector Fontek Vela ordezkatuko duen bezala, Juanfran eskuin hegalera itzuliko da zigorra bete ostean Javier Flañoren kaltetan. Bosgarren aldaketa erasoan izan daiteke, Portillo eta Dadyren arteko zalantza baitauka Larraintzarko entrenatzaileak.
Ustezko hamaikakoak:
Mallorca: Moya; Héctor, David Navarro, Nunes, Fernando Navarro; Varela, Basinas, Borja Valero (Ibagaza), Arango; Webo edo Guiza.
Osasuna: Ricardo; Azpilicueta, Miguel Flaño, Josetxo, Monreal; Astudillo, Javi García; Juanfran, Héctor Font, Plasil; eta Dady edo Portillo.
Epailea: Velasco Carballo
Futbol-zelaia: Ono Estadi
Ordua: 20.00