2008/05/06
Myanmarreko giza hondamendia Konstituzioari buruzko erreferenduma egiteko astebete falta dela gertatu da, datorren larunbaterako baitago aurreikusita.
Erreferendum horren bitartez, duela 40 urtetik Myanmar diktadurapean duten militarrek boterean luzaro jarraitzea dute helburu.
Konstituzio berriaren proiektuak funtsean ez du aldaketa demokratikorik aurreikusten; hori dela eta, joan den Irailean altxamendua eragin zuten monje budistek eta oposizioa ordezkatzen duen Liga Nazional Demokratikoak erreferendumari boikota egiteko deia egin dute.
Junta Militarreko buru den Than Shwe jeneralak iragarri du 2010erako hauteskundeak deituko dituela baina jada ohartarazi du ez duela onartuko Aung San Suu Kyi, oposizioko burua hauteskunde horietara aurkeztea.
Gogoratu behar da oposizioko burua etxetik irteteko debekupean dutela 1991n hauteskundeak irabazi zituenetik. Orduan militarrek baliogabe jo zituzten hauteskundeak.
Nargis zikloiak, hain zuzen, ez du eraginik izan militarrengan. Herrialdearen erdian hiriburu berri bat eraiki dute, Naypyidaw izenarekin bataiatu dutena, atzerritarrei ez diete bertara sartzen uzten eta bertatik herrialde osoa kontrolpean dute.
Euskadi Irratiko azken albistegia