logo de eitb24
2008ko abuztuak 30 | 04:58:49
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Mundua

'NARGIS' ZIKLOIA

Hondamendia Myanmarren: 22.464 lagun hil dira

2008/05/06

Gainera, 41.054 pertsona desagertuta daude eta hamarka mila etxerik gabe geratu dira. Nazioartearen laguntza onartuko duela eta kaltetutako inguruetan erreferendum konstituzionala atzeratuko duela iragarri du Gobernuak.

Myanmarreko Estatu irratiak arratsalde honetan zabaldu duenez, Nargis zikloi tropikalaren ondorioz hildako lagunak 22.464 dira. Goizean, Myanmarko Estatu telebistak jakitera eman du 15.000 baino gehiago direla Nargis zikloiak asiar herrialdean utzitako biktimak. Gainera, 40.054 desagertuta daude. Zikloia larunbatean heldu zen Myanmarrera eta, geroztik, hamarka mila dira etxerik gabe gelditu diren lagunak. Hainbat herri eta hiri isolatuta geratu dira.

Gutxienez 10.000 lagun hil dira eta 3.000 inguru desagertuta daude soilik Ayeyarwaddy ibaiaren dibisioan, kalte handienak izan dituen lurraldea, hain zuzen ere.

Agintariek salbuespen egoera ezarri zuten larunbatean Irrawaddy, Bago eta Yangon hirietan eta Kayin eta Mon estatuetan.

Atzo gauean militarrak nazioartetik bidalitako laguntza onartzen hasi ziren baina 800 tona arroza Nazio Batuen Elikagai Programaren biltegietan daude oraindik, banatzeke.

Era berean, gaur Tailandiatik bidalitako elikagaiak, botikak eta larrialdi egoeretarako materiala banatzen hastea espero dute.

Herrialdea gobernatzen duen Junta Militarrak AEBek, Europar Batasunak eta beste hainbat herrialdetako gobernuek eskainitako laguntza onartuko duela iragarri du harreman diplomatikoak txarrak diren arren.

"Beste herrialde batzuen laguntza onartzen dugu herritarrak gaizki pasatzen ari direlako", ziurtatu du Nyna Win Myanmarko atzerri ministroak. Winek bilera izan zuen atzo Yangonen nazioarteko diplomazialariekin eta NBEko ordezkariekin egoeraren larria zenbaterainokoa den azaltzeko.

Urik eta argirik gabe

Kaltetutako tokietako biztanleak urik eta energia elektrikorik gabe bizi dira orain dela hiru egun eta oinarrizko jakien salneurriek gora egin dute neurrigabe eskasia eta espekulazioa dela eta.

Yangonen, bost milioi biztanle inguruko hirian, bataila ikaragarri bat egon izan dela dirudi, lekukoek diotenez. Milaka zuhaitz sustraietatik erauzita eta errepideetan trabeska jarrita daude haize bolada bortitzen ondorioz. Zenbait tokitan 190 km/h-ko boladak neurtu dituzte baina toki batzuetan 240 km/h-ra ere heldu direla diote askok. Halaber, kaleak teilatuetatik eroritako hondakinez eta teila zatiz beteta daude.

Internet zerbitzua etenda dago hiriburu zaharrean ostiraletik, telefono gutxi batzuk erabil daitezke eta lagun askok beren ondasunak urpetik ateratzen dihardute jo eta ke.

Auto-ilarak luzeak dira gasolindegietan eta, horrek, are gehiago zaildu du zirkulazioa. Aireportuak, bestalde, bost edo sei orduz baino ez da irekita egon.

Erreferenduma atzeratu dute

Bestalde, Myanmarreko Junta Militarrak erreferendum konstituzionala atzeratzea erabaki du, Nargis zikloi tropikalak astindutako zonaldeetan.

Erregimen militarrak demokraziarako trantsizioa egiteko zehaztuta duen 'ibilbide-orria'ren lehen urratsa da herri-galdeketa deitzea. Azken pausua, berriz, 2010ean ematea aurreikusi dute, hauteskunde libreak antolatuta.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta