2008/05/08
Denda eta enpresa gehienek ateak itxi dituzte gaur Arrasaten, Ino Galparsoro alkatea askatzeko exijitzeko deitutako greba orokor deialdiarekin bat eginez. Iragan astean kartzelatu zuen Baltasar Garzon epaileak Galparsoro, ETAri laguntzea eta kautelazko neurriak urratzea egotzita.
Lanuzteak ez ezik, bi manifestazio ere egin dituzte. Bata eguerdian egin dute, bestea 19:00etan abiatu da Herriko Plazatik.
Herriguneko denda gehienak itxita zeudelarik, 19:20 inguruan abiatu da manifestazioa Herriko Plazatik eta herriko kale nagusiak zeharkatu dituzte milaka lagunek euripean eta istilurik sortu gabe.
Manifestariek "Erabakia herriarena. Udala herriarena. Ino askatu" lelopean egin dute ibilbidea. Besteak beste, bertan egon da Arantza Urkaregi ANVko eleduna.
Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Eroski, Fagor Arrasate, JMA eta Deba Garaiko Mankomunitateak egin dute greba.
Euskadi Irratiko azken albistegia