2008/05/05
Portugaleteko ANVren egoitza itxi ondoren ezker abertzaleak prentsa-ohar bidez salatu duenez, "oso larria da Euskal Herrian bizi dugun defizit demokratikoa" eta "beldurgarriak" dira "gure herrialdean egiten diren giza-eskubideen bortxaketak".
Ezker abertzaleak uste du Inocencia Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelatzea eta ANVren Portugaleteko egoitza miatzea eta ixtea "salbuespen egoeran bizi garela" erakusten duen "erasoak" direla. Gainera, PSOE "gure historiako garai ilunenak" gogora ekartzen dituen "zoramen errepresiboan" murgilduta dagoela uste du.
"Gure historiako garai ilunenak ekartzen dizkigu gogora honek guztiak, zeren inkisizioa eta frankismo gogorrena itzuli egin baitira. Sorgin-ehiza abiatu dute independentziaren aldeko aukeraren kontra, berriro ere 200.000 lagun eskubide zibil eta politikorik gabe uzteko. PSOE zoramen errepresiboan murgilduta dago, ez hanka ez buru ez duten akusazio juridikoak egiteraino", azaldu dute.
Horren harira, ezker abertzalearen kontrako erabakiak "politikoak" eta "Espainiako Gobernuak, hau da, PSOEk" hartuak direla uste du, nahiz eta Garzon "makillaje juridikoa" jartzen saiatu. Hala, Espainiako Estatuan "botere bereizketarik eta Zuzenbidezko Estaturik ez" dagoela eta Botere Judiziala "alderdi politiko jakin batzuen iruzkin politikoetan oinarrituta" funtzionatzen duela gaineratu du ezker abertzaleak.
Kritikak EAJri
Era berean, ezker abertzaleak EAJ kritikatu du Espainiako Poliziari "alfonbra gorria" jarri diolako "gure egoitza itxi dezaten", Portugaleten Baltasar Garzonen aginduz itxi duten ANVren egoitzari erreferentzia eginez.
"Askotan diogu eraso horiek ez zirela posible izango EAJren onarpenik eta laguntzarik gabe, eta gaur beste adibide bat bizi izan dugu Portugaleten: Itxiera salatzera joan diren herritarrak kolpatu eta identifikatu ditu", zehaztu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia