
2008/05/05
Cesar Krutxagak partida bateko zigorra bete beharko du txartel pilaketaren ondorioz, eta arrasto guztien arabera Josetxo izango da bere ordezkoa. Erdiko atzelari iruindarra geratzen zaien Liga amaieraz mintzatu da hedabideen aurrean eta amore ematerik ez dutela azpimarratu du: "Bederatzi puntu dira, sei talde gaude lehia estuan, eta azken hiru partidetan gaizkien jokatzen duena jaitsiko da Bigarren Mailara. Orain arte gertatutako guztia ahaztu egin behar da, eta geratzen zaizkigun hiru partidak finalak bezala prestatu behar dira. Negar egiteak ez du ezertarako balio orain, eta ez dugu amore emango, burua altxatu behar da", ziurtatu du Josetxok.
Gorritxoen erdiko atzelariak badaki Mallorcan neurketa zaila dutela, baina bizirauteko sena erakusteko ordua dela ere badaki bestalde: "Mallorcakoa partida zaila da, baina biziraupena dago jokoan eta irauteko sena badaukagula erakusteko ordua da. Final batean bezala zelairatu behar dugu Mallorcan. Beste talde batzuk ere galdu egin dute azken jardunaldian, eta haiek ere izorratuta egongo dira, horregatik burua indartsuen duten jokalarien taldea salbatuko da nire ustez", adierazi du Josetxok.