logo de eitb24
2008ko uztailak 07 | 12:31:47
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

JARDUERAK ETENDA

ANVren Portugaleteko egoitza itxi dute

2008/05/05

Espainiako Poliziak ANVren Portugaleteko egoitza miatu eta itxi du, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Ondoren, protestan ari ziren zenbait lagun identifikatu dituzte, baina ez dute inor atxilotu.

Miaketa bukatu ondoren, protestan ari ziren zenbait lagun identifikatu ditu Poliziak baina ez du inor atxilotu, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Bost kutxa atera dituzte agenteek barnealdetik eta ANVren bandera kendu dute masta batetik, terrorismoaren aurkako iturriek jakinarazi dutenez.

Horrez gain, 14:00ak igarota, lokala zigilatu dute. Kanpoaldean, bien bitartean, "Ez gaituzte isilduko" lema zuen pankarta zeukaten dozenaka lagunek protesta egin dute.

Miaketa 10:00etan

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ANVk Portugaleten duen egoitza miatzea eta ixtea agindu du, joan den otsailaren 8an alderdi horren jarduerak hiru urterako eten ostean.

Goizeko 10:00ak inguruan, Espainiako Poliziako agenteak Portugaleteko Santa Maria kalean dagoen ANVren egoitzan sartu dira miaketa egiteko eta lokala ixteko. Aurretik, ingurua hesitu dute.

Egoitzaren aurrean, 20 bat lagun bildu dira "Ez gaituzue isilduko. Independentzia" lelopean, miaketa eta Garzonen agindua salatzeko. Ertzaintzaren furgoneta bat bertaratu da eta elkarretaratzean parte hartzen ari ziren zenbait lagun identifikatu ditu.

Joan den otsailaren 8an ANVren jarduerak hiru urterako eten zituen Garzonek, eta joan den asteazkenean Ino Galparsoro (ANV) Arrasateko alkatea espetxeratzeko agindua eman zuen, alderdi horren izenean jardutea leporatuta.

Horrez gain, Auzitegi Gorenaren 61. Sala ANV eta EHAK alderdiak legez kanpo uztea edo ez aztertzen ari da. Azken alderdi horren jarduerak ere hiru urterako eten zituen Garzonek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta