2008/05/02
'Amstettengo munstroa'k 24 urtez Elisabeth alaba atxikita izan zuen zuloa da egunotan Austriako Poliziaren ikerketaren helburua. Hala ere, azpimarragarria da Fritzl bahitzaile austriarrak iragananean ere sexu-delituak egindakoa dela eman dutela jakitera.
Franz Polzer ikerketaren buruak azaldu duenez, sotora sartzeko burdinezko bi ate zeuden, irekitzeko mekanismo elektroniko batekin eta urrutiko agintearekin, Fritzlek bakarrik ezagutzen zuen kode sekretuarekin.
Funtzionario horren hitzetan, polizien lana oso zaila izaten ari da toki eta espazio faltagatik. Izan ere, airea hartzera atera behar izaten dute teknikariek aldian behin. Gainera, DNA arrastoak uztea saihestu behar dute agenteek, hori dela eta, beti maskarak jantzita egiten dute lan, azaldu du Polzerrek.
Fritzlek urteen poderioan etxearen azpian egin duen azpiegituraren nondik norakoak ikertzen dihardu Poliziak orain.
Bestalde, ikerketaren buruak azaldu du agenteek "familiaren irudia" osatu dutela. Hala, ondorioztatu dute akusatua "ez dela pertsona autoritarioa soilik, baizik eta egiazko tiranoa". Familiarentzako "tabua" omen zen gizona non zebilen jakitea, gainera, sotoa "tabu berezia" omen zen, Polzerren hitzetan.
Aurrekariak
Bien bitartean, kasuaren jakinkizunetako bat argitu da poliziaren agiri bat aurkituta, non Fritzl 1967an emakume bat bortxatzen saiatzeagatik atxilotu egin zutela agertzen baiten.
Eskualdeko OÖN egunkariak aurkitu du agiria Linzeko (Austria Garaia estatuko hiriburua) Poliziaren urteko txostenean. Atxiloketa hori bortxaketa saiakera eta exhibizionismo-delituak egin ostekoa da gainera.
Izan ere, Austria Beheko estatuko (Amstetten bertan dago) agintariek duela egun batzuk adierazi zuten ez zutela Fritzlen delitu penalen berri.
Delitua preskribatu egin da eta artxiboetatik ezabatu da, legeak dioenaren arabera, baina agiria Austria Garaiko Eskualdeko Artxiboan zegoen gordeta.
15 urteko kartzela-zigorra
Austriako legediaren arabera, 15 urteko kartzela-zigorra da Fritzleri ezar diezaioketen zigor handiena alaba bortxatzeagatik. Dena den, sotoan jaiotako haur baten heriotzaren arduraduna bera dela baieztatuko balute, biziarteko kartzela-zigorra da epaileak ebatziko lukeena.
Euskadi Irratiko azken albistegia