2008/05/01
Gaur gauean ETAk Donostian, Osalanen egoitzan, zartarazi dituen bi lehergailuek hiruna kilo amonal zuten eta Arrigorriagan, Lan Ministerioak duen egoitza baten ondoan, leherrazitakoak bost kilo zituen, Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez.
Donostiako atentatuan, lehergailuetako bat erabat lehertu da, baina bigarrenak ez du osorik eztanda egin, aipatu iturriek azaldu dutenez. Bi bonbak Osalanen egoitzaren atzealdean jarri dituzte, lau metroko distantziara.
Leherketaren hedatze-uhinaren ondorioz, Osalanen egoitzaren barrualdean zenbait kalte izan dira, sabai batzuk behera etorri ostean.
Bi lehergailuak 00:30 inguruan lehertu dira. ETAren izenean hitz egin duen lagun batek 23:20ean deitu du Bizkaiko DYAra, "potentzia handiko" bi bonbak eztanda egingo zutela ohartarazteko.
Arrigorriagan, Lan Ministerioaren egoitza batean, 00:00etan leherrarazi duten bonbari dagokionez, bost kilo amonalez osatuta zegoen eta lehertu baino 15 minutu lehenago jarri zuten.
Kasu honetan, ez da abisurik izan eta leherketak eraikinean zenbait kalte material eragin ditu. Era berean, Martiartu industria-gunean dagoen egoitza horren inguruan aparkatuta zeuden ibilgailu batzuek ere kalteak izan dituzte.
Bestalde, 10:00etan, Ertzaintzak atentatuak izan diren tokiak inguratuta zituen oraindik, eta ikerketa lanekin jarraitzen zuen.
Euskadi Irratiko azken albistegia