2008/05/01
Sindikatuak, berriro ere, banatuta atera dira kalera langileen eskubideak aldarrikatzera. Gainera, aipatu behar da ETAk agerraldia egin duela maiatzaren lehenengo honetan, Donostian eta Arrigorriagan kalte txikiak eragin dituzten hiru lehergailu jarrita.
ELA
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak baieztatu duenez, ELAk aurrera jarraituko du, langile abertzale gisa "sobran dagoen interbentzionismo militar baten ezpata" baten eta "neoliberalismo oso oldarkor" baten dauden arren. Elorrietaren ustez, neoliberalismo horren ordezkariak enpresaburuak eta erakunde publikoak dira.
Elorrietak Bilbon egin ditu adierazpen horiek. Sindikatuko idazkari nagusi gisa izan duen azken maiatzaren lehena izan da gaurkoa Elorrietarentzat, aurten kargu hori utziko baitu.
Milaka afiliatu eta kide bilduta, sindikatuak Langilearen Egunari hasiera eman dio Elorrietaz gain Adolfo Muñoz alboko sindikatuko idazkari nagusia ere egon den hitzaldi batekin.
Ondoren, 'Euskal Herri soziala indartzeko langileak martxan' lelopean, manifestazio bat egin dute, Plaza Biribilean bukatuta.
Martxan Eusko Jaurlaritzaren eta 'Euskal Y'-aren aurkako pankartak ikusi ahal izan dira eta, ondoren, denak BECera joan dira, han bazkideen bazkaria egiteko.
LAB
5.000 bat lagunek antolatzaileen arabera, eta 1.200 Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren hitzetan, manifestatu dira Iruñean, Maiatzaren Lehena ospatzeko. Deialdia LABena izan da, "aldaketa politikoa eta soziala" eta "bakea eta demokrazia nagusi diren egoera berri bat" eskatzeko.
Manifestazioaren buruko pankartan 'Langileok aldaketa eragin. Gora Euskal Herria Gorria' irakur zitekeen. Martxa Golem zinemetatik irten da, eta hainbat kaletik ibili ondoren, Gazteluko Plazan bukatu da, han Rafa Diez idazkari nagusiak hitz batzuk esanda.
Manifestazioan lan-istripuen, deslokalizazioaren eta UGT eta CCOO sindikatuen aurkako oihuak entzun ahal izan dira, eta independentziaren, amnistiaren eta Euskal Herriarentzako demokraziaren aldekoak.
Halaber, bildutakoek deslokalizazioaren aurkako, eta etorkinen eskubideen eta emakumeen aldeko pankartak eraman dituzte.
CCOO eta UGT
CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute Maiatzaren Lehena ospatzeko Bilbon, Donostian eta Gasteizen 'Berdintasunaren eta soldata duinaren unea da' lelopean egindako manifestazioetan.
Josu Onaindi CCOOko buruak "krisia ordaintzen dutenak ez daitezela berriro langileak izan" eskatu du, eta Damaso Casado UGTkoak "hausnartu" dezan eta sindikatuak "kontuan izan" ditzan exijitu dio Eusko Jaurlaritzari.
Onaindi eta Casado Bilbon egindako manifestazioaren buruan izan dira. 11:30ean irten da martxa, Diego Lopez de Haro Kale Nagusitik, milaka lagunek jarraituta, eta Areatzen bukatu da, idazkari nagusi bien hitzekin.
Lelo bateratu nagusiaz gain, sindikatu bakoitzak haren pankartak eraman ditu beste eskabide batzuekin, hala nola, 'Gutxienez 1.000 euro. Prekarietatearen kontra' CCOOren kasuan, edo 'Lan-istripuak. Prekarietatea. Diskriminazioak' UGTrenean.
Sindikatu txikiak
Sindikatu txikiek ere ospatu dute maiatzaren lehena.
CNTk Bilbon, On Diego Lopez Haro Kale Nagusian, egin du mobilizazioa 11:30etan eta Donostiako Boulevarrean 12:30etan.
Iruñean, ESK, CGT, STEILAS eta ATTU sindikatuek elkarrekin salatu dute lan prekarietatea.
Iparraldeko sindikatuak
Iparraldeko sindikatuek euren ahotsak batu dituzte Baionan, lan eta erretiro baldintza hobeak eskatzeko.
2.000 lagun inguru Gobernuaren proposamen baten aurka manifestatu dira. Gobernuak erretiroa hartzeko kotizazio epea 40 urtetik 41era aldatu nahi du erretreta-pentsioa kobratu ahal izateko.
Gainera, manifestariek kalitatezko zerbitzu publiko baten alde egin dute.
Maiatzaren 22an berriro irtengo dira kalera, erretiroa hartzeko Gobernuak ezarri nahi dituen baldintzak salatzeko.
Euskadi Irratiko azken albistegia