2008/04/30
Miren Legorburu ANVko buruak gaur ziurtatu duenez, Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkatearen atxiloketa "larria" da, eta Europan "aurrekaririk ez" duela gaineratu du.
Galparsororen egoerari buruz jakin ondoren, ANVko hainbat alkatek eta zinegotzik prentsaurreko bat eman dute Donostian. Han, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak eta Miren Legorburu Hondarribiko zinegotziak adierazpen bat irakurri dute euskaraz eta erdaraz, alderdikidearen atxiloketa gaitzesteko.
Legorburuk baieztatu duenez, "benetan larria da alkate bati deklaratzera deitzea haren jarduera politikoagatik, baina are okerragoa da arrazoi horrengatik atxilotzea".
ANVko zinegotziak bere buruari galdegin dio "nola deitu" ahal zaion "demokrazia boto emaileek agindutako lana egiteagatik politikariak atxilotzen dituen sistema bati". Halaber, Gerra Zibilaren eta egungo egoeraren arteko paralelismoa egin du, esan duenez, garai hartan "alkateak atxilotu, kartzelaratu eta fusilatu egiten" zituztelako.
"PSOE eta EAJ zoramen zapaltzaile" batean murgildu direla baieztatu ondoren, Legorburuk esan du alderdi horiek "udaletan mozioen bidez lortu ez dutena, orain Estatuaren indarkeriarekin lortzen saiatzen" ari direla.
"Herriak emandako legitimotasuna ezin du epaile batek Espainiako Gobernuaren aginduetara lapurtu", azpimarratu du ANVko ordezkariak.
Euskadi Irratiko azken albistegia