
2008/04/30
Realeko presidente Iñaki Badiola maiatzaren 6an biltzekoa da Realeko langileen komisioarekin. Era berean, gezurtatu egin du kaleratze jendetsuak izango direnik.
Gai honen inguruan Mikel Aranburu kapitaina ere mintzatu da. "Gai honek gu ere kezkatzen gaitu. Klubarentzat onena nahi dugu, eta ondorioz, klubeko Administrazio Kontseilu eta langileen komisioa lehenbailehen bildu eta arazoa konpontzea da nahi duguna", adierazi du. Kirol arloari buruz mintzatzerakoan kapitainak lehen itzulian Sevilla Atleticoren aurka jokaturiko partida gogoratu du. "Han dagoeneko ikusi genuen talde ona zirela, hortaz, kontu handiz aritu beharko dugu".
Garitanok, bere aldetik, azken aldian etxean jokatu dituztenekin alderatuta, larunbateko neurketa desberdina izatea nahi luke. "Eurak filiala dira, eta agian atzean sartu gabe jokatzera etorriko dira. Ikusiko dugu. Sufritu egingo dugu, baina agian espazio gehiago utziko dizkigute".