2008/04/30
Diputatuen Kongresuko Bilkurak jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurrien dekretu-legea onartu du. PSOEk eta Coalicion Canaria taldeak soilik eman diote babesa; PP eta gainerako talde parlamentarioak, kontrako botoa eman duten IU, ICV eta UpyD ezik, abstenitu egin dira. Neurrion bidez, Espainiako Gobernuak 10.000 milioi baino gehiago injektatu nahi ditu ekonomian.
Barneratzen dituen ekintzak nahikoa ez direla iritzita lege dekretua kritikatu duen PP, azkenean, ordea, abstenitu egin da 400 euroko murrizpen fiskala barneratzen duten neurrien bozketan. Espainiako ekonomia krisi egoeran dagoela onartzeko eskatu dio, gainera, Gobernuari.
PPren eskaera ere atzera bota zuen Kongresuko Bilkurak; neurriok lege proiektu gisa tramitatzeko eskatu zuen Alderdi Popularrak.
Testua defendatzeko hartu zuen tartean, Pedro Solbes Ekonomia eta Ogasun ministroak aurreratu zuen testuak barneratzen dituen neurriak legegintzaldian zehar, aurrera begira, beste batzuekin "osatuko" direla egoera ekonomikoaren garapenaren arabera.
"Hauteskunde neurritzat" jo ditu EAJk
EAJko Pedro Azpiazuren arabera, testuinguru ekonomikoak "hausnarketa sakona" behar du eta, haren ustez, Aurrekontu Orokorrak osatzerakoan garatu beharko litzateke, ez Estatuari kostu handia eta familiei "inpaktu minimoa" eragiten dieten "hauteskunde neurriekin".
Dena den, Azpiazuk azaldu zuen ez dutela 400 euro bueltatzearen aurka bozkatuko berau jasotzeko itxaropena duten zergadunekiko "errespetuagatik".
Talde honek, gainera, laguntza fiskalak ezartzeko orduan foru ogasunak kontutan hartu ez izana salatu zuen.
Euskadi Irratiko azken albistegia