2008/04/29
Eusko Jaurlaritzak ia 430 milioi euro erabiliko ditu datozen bost urteotan arrantza arloa bultzatzeko. Dirua arrantzaleen prestakuntzarako, itsasontziak berritzeko, akuikultura bultzatzeko eta oro har itsasotik bizi diren herriei laguntzeko izango da, Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak jakitera eman duenez.
Arrantza garrantzi handiko arloa da kostaldeko hainbat herrirentzat. EAEn 299 itsasontzi daude eta 2.800 arrantzale.
Eusko Jaurlaritzak plan estrategikoa egin du datozen bost urteetarako. Helburu nagusia sektorea gero eta lehiakorragoa izatea da, baina, era berean, itsasoko baliabideen iraunkortasuna zaindu nahi dute.
Ia 430 milioi euroko dirulaguntzak bideratuko ditu Arrantza Sailak helburu horiek lortzeko. Gazteak arrantzara erakartzeko kanpainak egingo dira, ordezkoen kontratazioa bultzatuko da eta inmigranteak herrietan integratzeko lana egingo da. Armadoreek dirulaguntzak izaten jarraituko dute itsasontziak berritzeko.
Akuikulturaren aldeko apustua
Bestalde, akuikultura ere bultzatu nahi da, langileak prestatuz eta inkubagailu berriak eginez. Elaborazio arloari begira berriz , arrainaren kontsumoa handitu eta merkatu berriak zabaldu nahi dira.
Euskadi Irratiko azken albistegia