logo de eitb24
2008ko uztailak 24 | 04:45:23
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

GASTEIZ

Barraskiloz eta perretxikoz beteko dira gaur Armentiako zelaiak

2008/04/28

Atzo, 21:00etan, erretreta jo zutenetik, gasteiztarrak San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren eguna ospatzen ari dira. Santu txizatiak euria gorde eta eguna lasai igarotzen uztea espero dute arabarrek.
Erretretarekin eman zioten hasiera atzo San Prudentzioren jaien ospakizunei. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Erretretarekin eman zioten hasiera atzo San Prudentzioren jaien ospakizunei. Argazkia: EFE

San Prudentzio jaien bigarren eguna ospatuko dute gaur Gasteizen. Arabako Foru Aldundiko txistulari, tronpeta-jole eta atabal-joleen bandak iratzarri ditu gasteiztarrak 09:00etan Zortziko Arabaren soinuarekin.

Hitzordu nagusia, ordea, Armentiako zelaietan daukate gaur. Bertan, 10:45ean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak abiatuko du izen bereko basilikara abiatuko den jarraigoa. Basilikan Arabako zaindarien aldeko meza egingo dute.

Elizkizunaren ondoren, besteak beste, dantzarien eta herri-kirolen txanda helduko da. Hala ere, batez ere, barraskilo eta perretxiko jana izango da nagusi Armentian.

Badirudi aurten Santu txizatiaren festa euri artean egingo dutela, izan ere, zerua lainoz estalita dago. Arratsalderako, ordea, eguraldiak hobera egitea aurreikusi da.

Ibarretxe 13:15ean Artium museoan izango da Xabier Agirre Arabako Ahaldun Nagusiarekin batera, San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizuna dela eta egingo duten harrera ofizialean. Bertan, Xabier Landabururi hil osteko domina emango diote.

Erretreta doinuek eman zieten bart ongietorria zaindari biei. Eguneko azken orduetan giroa freskatu bazen ere, eguraldia lagun izan zuten erretretako eszenatokiek eta ekitaldiek eta hainbat gasteiztar elkartu ziren jai-giroan.

Lehen erretreta soinua Probintzia Jauregian jo zuten, 21:00etan. Hortik aurrera, ordu laurdenero jo zituzten eta dantza taldeek eta txalaparta doinuek jantzi zuten gaua.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta