
2008/04/28
Osasunak ez dauka batere zorterik epaileekin. Azken hilabetean balio behar zuen gol bat baliogabetu zioten Recreativoren aurka, penaltia ez zen penalti bat adierazi zioten Deportivoren kontra, eta iragan asteburuan penaltia ez zen kontrako penalti bat adierazteaz gain jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen epaileak Osasuna lehen zatiko hamaseigarren minutuan.
Zigandak hitz onak izan ditu beti epaileentzat, baina bere pazientzia agortu da: "Gaur arte begirune handiz hitz egin dugu epaileei buruz, baina horrek ezertarako ez duela balio ikusten duzu, eta pazientziak bere mugak ditu. Zoritxar kontua dela pentsatu nahi izaten duzu, baina hainbeste erabaki aldrebes norabide bakarrean ikusten dituzunean zalantzak agertzen dira. Recreativori Bartzelonaren aurka ate barrura sartu ez den baloia goltzat ematen diotela ikusten duzu, Zaragozari ez den penalti bat adierazten diotela…talde guztiek dituzte epaileen aldeko eta kontrako erabaki polemikoak, baina gure alde inoiz ez tronpatzea ez da normala", adierazi du Larraintzarkoak Taxoaren.