2008/04/28
Austriako herritarrak hunkituta daude gizon batek alaba 24 urtetan soto batean gordeta izan duela, bortxatu egiten zuela eta ondorioz zazpi seme-alaba izan dituela jakinda. Amstetten herrian gertatu da sexu-abusuen kasu hau.
42 urteko Elisabeth Fritzlek 73 urteko Joseph Fritzl aitari leporatu dio 11 urte zituenetik bortxatu egin duela eta 1984az geroztik, azken 24 urteetan, hain zuzen, sotoan gordeta izan duela.
Sankt Poelteneko –Austria behereko hiriburua- Fiskaltzako bozeramaile Gerhard Sedlaceken esanetan, aitaren aurka "delitu masiboen akusazioak" egin dituen Elisabethen adierazpenak "sinesgarriak" dira.
Austriako Poliziak atxilotu egin du Joseph. Hasieran, antza, ez zuen deklaratu nahi baina geroago jakinarazi egin du alaba eta ustezko seme-alaba-ilobak gordeta zituen lurrazpiko "ziega" zabaltzeko kode elektronikoa, Franz Polzer Austria Behereko Krimenaren aurkako Bulegoko buruak jakinarazi duenez.
Zantzu guztien arabera, biktimak aitaren zazpi seme-alaba izan ditu. Horietako bat, antza, jaio eta gutxira hil zen.
Gainerakoak 5 eta 19 urte arteko hiru mutiko eta hiru neskato dira eta sotoan jaio ziren denak. Soto honek hainbat gela ditu.
Rosemarie Joseph Fritzelen emaztea ere etxean bizi da, baina gertatzen ari zenaren berri ez zuela agertu du honek.
Zenbait bizilagunek komunikabide lokalei azaldu dietenez, Josephek esan zien ez zekiela non zegoen alaba, sekta batekin joan zela uste zuela eta antza, emazteak berak ere gauza bera uste omen zuen. Antza, gainera, Josephek zenbait eskutitz idaztera behartu zuen alaba.
Ikerketa
Elisabethen eta Josephen 19 urteko Kerstin alaba ospitalera larri eraman zutenean izan zuten Austriako agintariek jazoera ikaragarri honen berri. Oraingoz hil ala biziko egoeran jarraitzen du.
Poliziak ikerketa abiatu zuen eta gaixoaren ama 1984ko abuztuaren 29tik desagertuta zegoela konturatu zen. Antza, desagertu eta hilabetera bera bilatzen ez saiatzeko eskatzen zieten eskutitza jaso zuten gurasoek.
Azkenik, isilpeko abisu baten ondoren, Poliziak Joseph eta Elisabeth aurkitu zituen atzo Amstetteneko ospitaletik gertu, "amak alaba nola zegoen jakin nahi zuelako".
Euskadi Irratiko azken albistegia