
2008/04/26
Athleticeko zaleen begiek Carlos Gurpegi izango dute jomugan talde zuri-gorriak Bernabeun jokatuko duen neurketan. Andosillakoa lasai egoteko moduan dago. Lupaz begiratuko dioten arren, ez dira kritikoak izango bere jokoarekin. Horrenbeste maite duten jokalari bat berriz ere berdegunean ikustea izango da jarraitzaile zuri-gorrien interesaren arrazoi nagusia. Gainerako kontuak bigarren mailan geratuko dira.
Gurpegik erdiko atzelari gisa jokatuko du. Hasiera batean euskarrian jokatzeko aukeratu zuen Caparrosek, baina Ustaritzen lesioak erabat aldatu du teknikariak zuen egitasmoa. Gurpegi izango da erdiko atzelaria eta Garmendia arituko da Yesteren partez. "Gurpegirengan erabateko konfiantza daukagu", esan du Caparrosek.
Athleticek itxura ona ematea du xede Bernabeun. Talde gisa sendotzeko ez baitago zelai aproposagorik. "Konfiantza handiarekin zelairatuko gara. Sinesgarritasuna irabazi gura dugu. Aurrean txapelketako talderik indartsuena izango dugu".
Real Madril mendean hartzeko gauza guztiak ondo egin beharko dituztela adierazi du Utrerako teknikariak. "Batetik eraginkorrak izan behar gara. Bestetik, Real Madrilek bere jokoa ez egitea lortu behar dugu. Eta, hirugarrenez, partida guztietan beharrezkoa den zortea izan behar dugu".
Ustezko hamaikakoak:
Real Madril: Iker Casillas; Sergio Ramos, Pepe, Heinze, Marcelo; Gago, Guti, Sneijder; Robben, Robinho eta Raul.
Athletic: Armando; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Koikili; Susaeta, Javi Martinez, Garmendia, Gabilondo, Llorente eta Etxeberria.
Santiago Bernabeu
21:00
Fernandez Borbalan