
2008/04/26
Etxeko azken hiru partidak galdu ostean, etxetik kanpo azken boladan bezain sendo jarraitzera behartuta da Osasuna. Etxetik kanpo jokatu azken lau partidetan gorritxoek ez dute gol bakar bat ere jaso, eta azken bi lehiak irabazi egin dituzte, gainera. "Etxetik at jokatu azken partiden atarian genuen egoeran bezalaxe gaude, behar berdinarekin eta presio berdinarekin, baina orain gutxiago falta da Liga amaierarako", abisatu du Zigandak, badaezpada.
Hargatik, Ziganda baikor mintzatu da: "Valentziaren egoerak apur bat besterik ez nau kezkatzen, entrenatzaile aldaketak beti motibatzen du talde bat, eta barruan duten guztia ematera zelairatuko dira valentziarrak, baina hori normala da. Gainera, etxetik kanpo aurkariei arazo asko eragiten diegu guk, eta nor baino nor gehiago ariko gara bi taldeak", esan du.
Deialdiko berritasun nagusia Javad Nekounam izan da, denboraldi honetan lehendabiziko aldiz jokatzeko prest ikusten baitu Zigandak. Hasierako hamaikakoan, berriz, zalantza bakarra dauka Larraintzarkoak. Zigorra bete ostean Monreal itzuliko da atzealdearen ezker hegalera, eta zalantza bakarra aurrealdean dago: Kike Solaren eta Dadyren arteko hautua egin beharko du Zigandak.
Ustezko hamaikakoak:
Valentzia: Cañizares; Miguel, Albiol, Alexis, Caneira; Marchena, Baraja, Joaquin, Silva; Mata eta Villa.
Osasuna: Ricardo; Azpilikueta, Krutxaaga, Miguel Flaño, Monreal; Puñal, Astudillo; Juanfran, Plasil, Vela; eta Kike Sola edo Dady.
Epailea: Ontanaya Lopez
Futbol-zelaia: Mestalla
Ordua: 17.00