2008/04/26
Erdi Aroko azoka egingo dute gaur eta bihar Balmasedan, hamargarren aldiz. Bost mende atzera eginez, artisauen saltokiak, tailerrak, erakusketak eta antzerki-emanaldiak antolatu dituzte asteburu honetarako.
Herritarrek antzerki emanaldia egingo dute, XVI. mendearen hasieran Balmasedan jasan zuten izurritea antzeztuz. Izurritearen ondorioz sortu ziren erromeriak, izan ere, herritarrak Kolitza mendira igotzen baitziren izurritearen amaiera eskatzeko. Gertaera horiek antzeztuko dituzte Balmasedako herritarrek gaur eguerdian.
Orotariko ikuskizunak
Bi egunetan goiz-goizetik hasita erakusketak, tailerrak, musika-emanaldiak eta bestelako ikuskizunak izango dira. Horien artean, aipagarria da gaur gaueko bederatzietan izango den su-ikuskizuna. Ondoren, berriz; Erdi Aroko herri-afaria egingo dute.
Florentziatik etorri diren dantzari batzuk ere Balmasedako kaleetan zehar ibiliko dira bi egunetan, banderak astinduz jendea alaitzen.
Aurtengo azokan artisauen 140 erakusleiho eta saltoki jarriko dituzte. Batzuk zuzeneko erakustaldiak ere eskainiko dituzte. Besteak beste, garai batean txanponak nola egiten zituzten edo egurra lantzen ikusi ahal izango da erakustaldi horietan.
Garraio publikoa
Balmasedako Erdi Aroko azokara joateko garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin dute antolatzaileek.
Euskadi Irratiko azken albistegia