
2008/04/25
Athleticek Intertotorako txartela eskuratzeko borrokan jarraitzeko beharrezkoak dituen puntuak eskuratzen ahaleginduko da Santiago Bernabeun. Bide batez, Real Madrilek Cibelesera egingo duen bisita atzeratzen saiatuko da. "Real Madrili gauzak zail jarriko dizkiogu", adierazi zuen Gabilondok.
Athleticeko jokalalriak baikor dira. Jakin badakite aurrean izango duten aurkaria goi mailakoa dela. Hala ere, egungo Real Madril ez da denboraldiko talderik indartsuena. "Liga irabaztear dagoen talde batek gabezia gutxi ditu. Beraz, aurkari gogorra izango da, baina memento honetan beste sasoi batzuetan baino errazagoa izan daiteke eurak mendean hartzea".
Javi Martinez bere taldekidearen iritzi berekoa da. Etxeko lanak eginda izateak gauzak hobeto egiten lagundu diezaioke talde zuri-gorriari. "Real Madrili zuloak aurkitzea gaitza da. Hala ere, guk sasoiko unerik gozoenean gaudela bisitatuko dugu Bernabeu".
Ustaritzek haustura dauka ezker kuadrizepsean
Athleticek lan saio arina egin zuen Lezaman. Del Horno taldekide guztiekin entrenatzen ikustea izan zen gauzarik azpimarragarriena. Hala ere, aukera gutxi du Madrilera joango den espedizioan parte hartzeko. Ustaritz ere ez da espedizio horretan egongo. Matienakoak, haustura dauka ezker hankako kuadrizepsean.