2008/04/25
Hernaniko Udaleko bozeramaileen batzordeak atzera bota ANVren kontra PSEk eta EAJk aurkeztutako mozioa, Ezker Batuko zinegotziak abstentzioaren alde egin eta gero. Mozioan ANVko hautetsiek indarkeria gaitzestea eskatzen dute, eta horrela egin ezean, dimititzeko.
Beatriz Fernandino EB-B/Aralarreko ordezkaria 13:00etan atera da udaletxetik eta bozketan bera abstenitu egin delako zortzina botoko berdinketa izan dela adierazi du eta, ondorioz, testuak ez du aurrera egin. Bilera ateak itxita egin dute.
PSEk (hiru zinegotzi), EAJk (bi), Eusko Alkartasunak (bi) eta Alderdi Popularrak (bat) mozioaren alde bozkatu dute. ANVko zortzi zinegotziek, berriz, kontra bozkatu dute, eta EBko zinegotzia abstenitu egin denez berdinketa izan da. Azkenean, Marian Beitialarrangoitia alkatearen kalitateko botoak erabaki du bozketa.
Udaleko taldeen erreakzioak
Jose Ramon Chica PSEk Hernanin duen bozeramaileak esan du gaurko bilkuran "ikusitakoak ikusita" Marian Beitialarrangoitia ANVko alkatearen aurka zentsura mozio bat aurkezteko "baldintzarik" ez dagoela. Era berean, alderdi bakoitzak hartu duen erabakia azaldu beharko duela adierazi du.
Iñaki Arratibel Eusko Alkartasuneko bozeramaileak deitoratu du "etikaren aldeko hitzarmenak" aurrera egin ez izana. Hala ere, "hurrengoak aurrera" egingo duela espero du.
Mari Luz Anglada Alderdi Popularreko zinegotziak gogor kritikatu du Beatriz Fernandino EBko zinegotziaren jarrera eta honek "eskuak garbitu" dituela esan du. Egoera honen aurrean, bere helburua "zuzenean zentsura mozioa" aurkeztea dela iragarri du.
Euskadi Irratiko azken albistegia