2008/04/25
Arrasateko Udaleko osoko bilkurak errefusatu egin zuen atzo EAJren eta PSE-EEren "mozio etikoa". ETA gaitzestearen aurka dauden EAE-ANVko zinegotziei dimititzeko exijitu zieten mozioan, baina jeltzaleak eta sozialistak bakarrik geratu ziren eskaera horren defentsan.
Izan ere, EAJren eta PSEren zinegotziek baino ez zuten testuaren alde bozkatu. PP, EA eta EB-Zutikeko bi zinegotzi abstenitu egin ziren, eta EAE-ANVk, Aralarrek eta EB-Zutikeko beste zinegotziak aurka egin zuten. Orotara, 8 boto alde, 9 aurka eta 4 abstentzio.
Udaletxearen aretoa lepo egon zen saioan eta tentsio uneak ere izan ziren. Hainbat politikari bertaratu ziren, besteak beste Rodolfo Ares, Jesus Egiguren eta Rafaela Romero sozialistak; Maria Jose Usandizaga, Iñigo Arcauz eta Carlos Sancho 'popularrak' eta Josetxo Ibazeta Batasuneko zinegotzi ohia.
Ezker abertzalearen jarraitzaile asko ere gerturatu zen, independentziaren aldeko eta "iruzurrari ez" dioten pankartak eskuan.
Gainerako mozioek ere porrot
EAJren eta PSE-EEren mozioa errefusatu eta gero, osoko bilkurak sozialisten beste testu bat bozkatu zuen. Jeltzaleekin adostutako mozioaren antzekoa zen, baina saio honen bukaeran bertan zentsura mozioa adostea proposatzen zuen paragrafo batean.
PPren zentsura mozioaren alternatiba gisa aurkeztu zuten idatzia sozialistek, baina, "mozio etikoarekin" gertatu bezala, osoko bilkurak errefusatu egin zuen. PSE-EEk alde bozkatu zuen, EAJ abstenitu egin zen eta gainerako udal taldeek aurka egin zuten.
PSE-EEk, baina, babesa agertu zion PPren zentsura mozioari.
Saioan EAE-ANVren eta Aralarren mozioak ere bozkatu zituzten, baina biek porrot egin zuten. EAE-ANVren testua bere zinegotziek baino ez zuten babestu. Aralarrena, aldiz, EB-Zutikek eta EAk.
Alderdiek euren botoak azaldu dituzte
"Mozio etikoa" irakurri eta gero, EAk, EB-Zutikek eta Aralarrek puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuten, baina EAJk eta PSE-EEk uko egin zioten eta, beraz, testu osoa bozkatu zuten.
Gero, euren botoa azaltzeko mintzatu ziren udal taldeak. Iciar Lamarain PPko zinegotziaren iritziz, EAJren eta PSEren mozioa "light" zen, hori dela eta, abstenitu egin zen.
Ander Rodriguez EB-Zutik koalizioko bozeramaileak errefusatu egin zuen "nirekin edo nire aurka manikeismoa", eta sozialisten eta jeltzaleen proposamenak ez zuela gobernatzeko "programarik" kritikatu zuen. "Hilketa arbuiagarri bat gertatzeak ez du esan nahi txeke zuria eman behar dugula", gaineratu zuen.
Espainiako legedian non dagoen etika galdegin zuen EAko zinegotziak, eta Arrasaten giroa nahasita dagoela gogorarazi zuen.
Jose Etxeberria Aralarreko bozeramaileak azaldu zuen EAE-ANVko zinegotziek eskubidea dutela udal gobernuak osatzeko.
EAJk mozioa puntuz puntu ez bozkatzeko argudia azaldu zuen. Izan ere, bere ustez, hala egin izanez gero, testuaren mamia aldatuko zuten.
Paco Garcia Raya PSE-EEko eledunak kritikatu zuen "ETAk bere helburua" lortu duela. "Pertsona bat hiltzea, zinegotziek ez gaitzestea eta demokratak banantzea lortu du", adierazi zuen.
Bere aldetik, EAE-ANVk nabarmendu zuen azken hilabete eta erdian "irain larriak" esan dizkietela eta beraiek ez dutela Isaias Carrascoren hilketarekin "zer ikusirik".
"Hilketa indarkeria mota larrienetakoa da, baina ez bakarra. Gaur kriminalizatu egin gaituzte ez gaitzesteagatik, baina [gaitzestea] alferrikakoa da eta ez du ezertarako balio", gaineratu zuen.
Ezker abertzalearen elkarretaratzea
Saioa hasi baino lehen, ezker abertzalearen 200 jarraitzailek elkarretaratzea egin dute Udaletxearen aurrean.
Eskuartean, "Herriaren borondatea. Iruzurrari ez", "Arrasate euskaldun, ezkertiarra eta abertzalea", "Independentzia" eta "Euskal Herriaren eskubideen alde" zioten pankartak zituzten.
18:50ean, Ertzaintzako agenteak plazara bertaratu, eta elkarretaratzearen aurrean jarri ziren.
Ino Galparsoro alkatea aretoan sartu zenean, ezker abertzaleko jarraitzaileek "Ino, herria zurekin" eta "ANV aurrera" oihukatu zioten. Oposizioko zinegotziei, aldiz, "zuek, faxistak, zarete terroristak". Ondoren, alkateak isiltzeko eskatu zien, eta saioari hasiera eman zion.
Atarrabian aurrera egin du mozioak
Bestalde, Atarrabian aurrera egin du ANVko hiru zinegotziren dimisioa eskatzeko aurkeztutako mozioak. UPNren, PSNren eta IUNren aldeko botoekin egin zuen aurrera.
Hirugarren puntuan ANV kontra azaldu zen eta Nafarroa Bai abstenitu egin zen, izan ere, Pello Gurbindo alkateak azaldu zuenez, "gu ez gara inor zinegotzi batzuei kargua kentzeko". Bozketa egin ondoren, alkateak bilkurara bertaratu zen jendea handik aterarazi zuen Jose Luis Uriz PSNko zinegotziari errieta egin ziotelakoan.
Bestalde, gaur Hernaniko Udalean eztabaidatuko eta bozkatuko dute EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa. Datorren astelehenean Bergaran egingo dute gauza bera.
Euskadi Irratiko azken albistegia