logo de eitb24
2008ko irailak 05 | 06:38:36
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Ekonomia

GUGGENHEIMEKO IRUZURRA

Guggenheimeko finantzen kontrolean akatsak egon zirela onartu du Azkaratek

2008/04/23

Roberto Cearsolo Museoko finantza zuzendariak egindakoen moduko irregulartasun gehiago ekiditeko neurriak hartu dituztela azpimarratu du. Cearsolok milioi erdi euroko iruzurra egin zuen.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua -Guggenheim Bilbao Museoko Sozietate Edukitzailearen presidentea- eta Juan Ignacio Vidarte Museoko zuzendari nagusia Legebiltzarrean izan dira eurek eskatuta, Roberto Cearsolo Museoko finantza zuzendari ohiak egindako milioi erdi euroko iruzurrari buruzko azalpenak emateko.

Azkaratek aurreratu duenez, ez du arazorik ikusten Ganberan PPk nahi duen ikerketa batzordea sortzeko. Gainera, erakundeen, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren ardurak kontrol arloan "behar bezala egin" zituztela erantzun du.

Halaber, "finantzen kontrolean akatsak egon direla" onartu du, baina, azpimarratu duenez, beharrezko neurriak hartu dituzte jada, irregulartasun gehiago ez gertatzeko. Neurri horien artean Sozietate Edukitzailea eta Higiezinena Guggenheim Fundazioko Finantza arloaren barnean sartuko dituztela baieztatu du.

Taldeek galdetuta Museoko zuzendariarengan konfiantza duen, sailburuak baietz erantzun du. Hala ere, egiten ari diren barne ikerketan era axolagabean jokatu zuela "susmatzen" badute, haren burua eskatuko duela esan du Azkaratek txantxetan.

Beste alde batetik, Vidartek norbaitek bere dimisioa eskatzeari buruzko hipotesiaren inguruan hitz egin du. Kargua beti Museoko zuzendaritza organoen esku dagoela gogorarazi ondoren, babesa izatekotan bere lana betetzen jarraituko duela esan du.

Neurriak Ariztondok esan ditu, goizean

Aurretik, goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak neurriak iragarri ditu, hori bezalako jazoerak berriro gertatzea ekiditeko.

Ariztondok baieztatu duenez, Sozietate Edukitzaileak eta Higiezinenak Museoko fundazioaren finantza sailarekin bat egingo dute aurrerantzean, eta urtero kanpoko enpresa batek auditoria bat egingo du.

Neurri horietako batzuk Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gomendatu zituen aurretik, baina ez zioten jaramonik egin.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta