
2008/04/23
Azken egunetako gertakariek argi utzi dute Osasunak ez duela Mestallan garaipena lortzeko girorik onena aurkituko. Zaurituta den talde handi bat beti da arriskutsua, eta are eta gehiago jaitsiera arriskuaren alarmak jo eta gero. Hori da Valentziaren kasua, Osasunbaren hurrengo aurkariaren kasua, alegia.
San Mamesen jaso 5-1koaren ondotik zuzendaritzak Ronald Koeman eta bere laguntzaileak kargutik kendu ditu, eta kirol zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. Voro jokalari ohia da orain Valentziako entrenatzailea, eta entrenatzaile berriarekin garaipena ziurtatuta izaten dela dioen esaera egi bihurtu nahiko du Vorok. "Ez dakit kasualitatea den ala ez, baina egia da entrenatzailea aldatzen denean garaipena iritsi ohi dela. Dena dela, guk ez dugu horretan pentsatzen, aurkariari baino gehiago geure buruari begiratzen baitiogu, eta azken boladan bikain ari gara etxetik kanpo, etxean baino hobeto. Ez digute golik egiten, eta puntuak batzen ari gara etxetik at, eta horrelaxe jarraitzea da gure asmoa", esan du gaur Natxo Monrealek Taxoaren. Eta ez dio gezurrik, etxetik at jokatu azken lau lehietan Osasunak ez baitu gol bakar bat ere jaso, eta horrez gain azken bi partidak irabazi egin dituzte nafarrek.
Gainera, Monrealek badaki Valentziarentzat ere ez dela erronka erraza: "Valentziak dena irabaztea zuen helburu sasoi hasieran, eta guk ez. Argi dago guk badakigula non gauden, eta hori baliatzen ahaleginduko gara. Valentzia jaitsierarako hautagaia ote den? Nik baietz uste dut, saltsa horretan sartuta daude, une honetan gu baino okerrago ere badaude gainera, guk baino puntu bat gutxiago dutelako. Eta gu sufritzen ari bagara, haiek are eta gehiago. Hor daude, eta bai, nire ustez jaitsierarako hautagaiak dira", esan du Osasunako ezker hegaleko atzelariak.
Partida bateko zigorra bete ostean, Mestallan Monreal berriro ere hasieratik ariko dela dirudi.