2008/04/21
Euskadik Expo Zaragoza 2008 nazioarteko erakustazokan izango duen gunean EAEko biztanleek urarekin duten lotura eta baliabide horren kudeaketa jasangarria azalduko dizkiete bisitariei.
Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak azaldu duenez, Euskadiren guneak 300 metro karratu izango ditu eta ura, energia berriztagarriak, garapen jasangarria eta aldaketa klimatikoaren kontrako borroka izango dira gai nagusiak.
Larrañagak esan du azokan egingo diren ekarpenetatik ikasteko asmoz joango dela Euskadi Expo Zaragozara, eta "uraren kudeaketan erkidego eredugarria garela munduari erakusteko asmoz ere bai".
Bisitaria erakartzeko diseinu berezia izango du Euskadiren guneak: sabaitik euria eta ura ordezkatuko duten metakrilatozko 10.000 barra eta hamarnaka aterki eskegiko dituzte.
Euskal sukaldaritzak ere bere tartea izango du. 1.250 pertsonentzako jantokia egongo da eta labeldun produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango da.
Horrez gain, ekainaren 29an Euskadiren Eguna ospatuko da. Igande horretan ACT Ligako estropada saioa egingo dute. Gipuzkoako eta Bizkaiko emakumeen arteko lehia ere izango da.
Musikaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Ainhoa Arteta, Donostiako Orfeoia eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa igoko dira taula gainera.
Larrañagak Euskadiren pabilioia bisitatzeko gonbita luzatu die herritarrei.
Euskadi Irratiko azken albistegia