2008/04/21
Gaur hasi da Madrilgo Auzitegi Nazionalean, 10:00etatik aurrera Casa de Campon, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako, Askatasunako, Behatokiko eta Senideak elkarteko 27 langileren edo langile ohiren kontrako epaiketa. Carlos Bautista fiskalak 10 urteko kartzela-zigorra eskatu du bakoitzarentzat, ETAko kideak izatea leporatuta. Epaitegiak egutegia ezarri du auzia aurrera eramateko; hala, gaur hasi eta astelehenetik asteazkenera bitartean, goiz eta arratsalde, saioak egingo dituzte uztailaren 23ra arte astero. Bihar, auzipetuen deklarazioarekin hasiko da auzia.
Teresa Palacios magistratua izango da epaitegiko burua, baina berarekin batera izango dira Auzitegi Nazionaleko 4. Aretoko kide diren Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel. Akusazioa Carlos Bautista fiskalaren esku dago eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteak herri akusazioaren papera jokatuko du. Amaia Izko, Ainhoa Baglieto, Haizea Ziluaga, Arantxa Zulueta eta Iñaki Goioaga izango dira, berriz, defentsaren abokatuak.
Auzipetuak
Auzitegi Nazionalak Amnistiaren Aldeko Batzordeetan, Askatasunan, Behatokian eta Senideak elkartean lan egin duten edo egiten ari diren 27 lagun epaituko ditu. Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eskatu du bakoitzarentzat talde armatuko kide izatea egotzita. Hauek dira auzipetuak:
Amnistiaren Aldeko Batzordeetatik: Aratz Estonba, Maite Diaz de Heredia (kartzelan dago urriaren 4an Seguran Batasunaren kontra egin zuten polizia-operazioan atxilotu zutenez geroztik), Julen Zelarain, Jagoba Terrones, Julen Larrinaga, Jon Imanol Beaskoa, Ainhoa Irastorza, Gorka Zulaika, Iker Zubia, Alex Beaskoa, Josu Beaumont, Juan Mari Olano, Gotzon Amaro, Jorge Txokarro, Gari Arriaga, Txema Olabarrieta, Jorge Luis Arredondo, Aitor Jugo, Maite Mendez eta Mitxel Sarasketa.
Askatasunatik: Asier Virumbrales, Xabin Juaristi eta Iñaki de Reta.
Behatokitik: Julen Arzuaga.
Senideak elkartetik: Juan Antonio Madariaga, Ixone Urzelai eta Iñaki Loizaga.
Fiskaltzaren akusazioa
Fiskaltzak behin-behineko akusazio-txostenean agertu zuenez, Amnistiaren Aldeko Batzordeak ETAren presoak kontrolatzeaz eta babesa emateaz arduratzen ziren, preso horien egoeraren ustezko arduradunak jomugan jartzen zituen, ETAn sartzeko kide berriak bilatzen zituen eta erakunde armatuari baliagarriak zitzaizkion datuak biltzen zituen sumario judizialak baliatuta.
Enrique Molina iragan udan Auzitegi Nazionala utzi zuen fiskalak 12 betebehar edo ezaugarri egozten zizkien Amnistiaren Aldeko Batzordeei. Besteak beste, presoen kolektiboa kontrolatzea, horien eta ETAren arteko zuzendaritzaren artean zubi lanak egitea eta presoek talde armatuaren diziplinari men egin ziezaioten ziurtatzea omen ziren AABren ardurak.
Akusazioaren txostenaren arabera, AABk ETAren fronte armatuaz besteko borrokak kudeatzen zituen, talde armatuaren segurtasunerako datu judizial baliozkoak bilduz.
Akusazioaren lekukoak
Fiskaltzak eta AVT herri akusazioak 50 lagun deituko dituzte lekuko moduan deklaratzera: 44 ertzain, sei guardia zibil, Jorge Olaiz presoa eta Susana Atxaerandio eta Ibon Aranalde preso ohiak.
Defentsa
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak iragan ostiralean salatu zuenez, datorren astelehenean Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoan haien kontra egingo den epaiketak ez du "berme juridikorik" eta helburua "zigor politikoa" ezartzea denez, "akusatuen defentsari ez zaio tarterik emango eta auzitegiak ez du inpartzialtasunik izango".
Amaia Izko defentsaren abokatuak uste du epaiketa hori ezingo litzatekeela "inola ere" auzitegi arrunt batean egin. Izan ere, Abokatuaren arabera "Auzitegi Nazionalaren moduko auzitegi politiko bat" behar da, "aukera politiko jakin bat zigortzeko eratua" da eta.
Izkok Jarrai-Haika-Segi eta 18/98 makrosumarioei egin zien erreferentzia hori arrazoitzeko. Ekimen sozial eta politikoak "laguntza delitu" moduan ebaztea eta "euskal preso politikoen kontrako neurriak" hartzea egozten diote Auzitegi Nazionalari, zigortzea helburu duten "erabaki politikoak" direla argudiatuz.
"Auzitegi Nazionalaren ekintzak eta horren existentzia bera salatu dituena epaituko du Auzitegi Nazionalak, arrazoi horiexengatik gainera", azpimarratu zuen.
Defentsaren lekukoak
Amaia Izko, Ainhoa Baglieto, Haizea Ziluaga, Arantza Zulueta eta Iñaki Goioaga abokatuek 250 lekuko baino gehiago deituko dituzte deklaratzera. Pertsonaia ezagunak egongo dira horien artean: kirol arlokoak, kulturakoak, hedabideetakoak, etab. Baina baita beste hainbat esparrutakoak ere. Besteak beste, hauek izango dira defentsak deituko dituen lekukoak: Joseba Egibar (EAJ), Oscar Matute (EB), Martin Aranburu (EA), Felix Soto (ezker abertzalea), Karmelo Landa (ezker abertzalea) eta Odon Elorza (PSE-EE) politikariak; Jose Elorrieta (ELA) eta Rafa Diez (LAB) sindikalistak; Estanis Etxaburu Etxerat!-ekoa; Jonan Fernandez Baketikekoa; Alfonso Sastre eta Jose Luis Otamendi idazleak; Mariano Ferrer eta Xabier Lapitz kazetariak; Xabier Amuriza eta Xabier Silveira bertsolariak; Jone Goirizelaia eta Iñigo Iruin abokatuak; Jon Agirre Agiriano presoa; Jose Maria Arrate Athletic Clubeko presidente ohia; Juan Martinez de Irujo eta Oier Zearra pelotariak; Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Evaristo Paramos (La Polla Records) musikariak; Argi Perurena EPPKren bozeramailea; Michael Culbert Irlandako preso politiko ohia; Theo van Boven NBEren tortura gaietako arduraduna eta Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohia.
2001ean irekitako sumarioa
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ireki zuen Amnistiaren Aldeko Batzordeen kontrako sumarioa 2001eko azaroaren 1ean. 13 lagun atxilotzeko agindu zuen Garzonek eta AABetako hainbat egoitza miatu zituzten polizia-operazioan.
Atxilotu zituzten 13 lagun horietatik, 11 kartzelan sartu zituzten. Urtebete beranduago, baina, Auzitegi Nazionaleko epaileak sumarioa itxi eta 27 lagun auziperatu zituen.
Egun, auzipetutako 27 horietatik, 26 aske daude, hala ere, bat baino gehiago kartzelan izan da denbora tarte horretan (Juan Mari Olano, adibidez, kartzelan egon zen eta bermea ordainduta atera zen).
Euskadi Irratiko azken albistegia