logo de eitb24
2008ko uztailak 09 | 10:01:59
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

ATENTATUA

Lehergailu batek "kalte handiak" eragin ditu PSEren egoitzan, Elgoibarren

2008/04/21

Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak atentatua gaitzesteko bi kontzentrazio deitu ditu gaurko. Lehenengoa Udaletxearen aurrean izango da eguerdian eta bigarrena atentatua izan den tokian, 19:00etan.

ETAk Elgoibarreko egoitza sozialistan jarritako lehergailuak "kalte handiak" eragin ditu, inguruetako zazpi edo zortzi ibilgailu eta eraikinetan. Bizilagunak etxetik aterarazi ditu Ertzaintzak, eta ez da zauriturik egon.

Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak atentatua gaitzesteko bi kontzentrazio deitu ditu gaurko. Lehenengoa Udaletxearen aurrean izango da eguerdian eta bigarrena atentatua izan den tokian, 19:00etan. Era berean, alkateak Bozeramaileen Batzordea 09:00etan biltzea erabaki du. Azkenik, kalte materialak izan dituzten herritarrak gaurtik aurrera Udalean artatuko dituztela jakinarazi du.

Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, atentatua 03:25etan izan da, Elgoibarreko Urasandi kaleko 14 zenbakian kokatutako egoitza sozialistan. ETAren izenean 02:33etan deia jaso du Bizkaiko DYAk, 03:30tan PSEren egoitzaren aurrean lehergailu batek eztanda egingo zuela ohartaraziz.

Abisua jaso duenean, Ertzaintzak ingurua lokarriz hesitu ditu eta bizilagunak etxeetatik atera ditu. Lehergailuak eztanda egin aurretik, Ertzaintzako lehergailu-teknikariek sozialisten egoitzaren aurrean zegoen fardel bat sumatu zuten. 03:25etan egin du eztanda lehergailuak eta kalte material garrantzitsuak eragin ditu, Herrizaingo sailaren arabera. Uhin hedakorra lokalaren barnekaldera bideratu da, eta kalte handiak eragin ditu.

PSE-EEko iturriek diotenez, egoitza honek dozena erditan jasan ditu erasoak, azkena iragan abenduan. Orduan pneumatiko bat jarri zuten atean eta kristalak apurtu zituen eta pertsiana belztu. Beste batzuetan molotov koktelekin eraso diote. Egoitza itxita zegoen, azken erasoaren ostean egoitza berritzea erabaki baitzuten.

Hiru kilo lehergailu

Alfredo Etxeberria Elgoibarreko alkateak egoitza sozialistan izandako atentatua gaitzetsi du, eta esan duenez, hiru kiloz osatutako lehergailuak "kalte material dezente" eragin ditu.

Etxeberria atentatua gertatu den tokira bertaratu da, eta azaldu duenez, Ertzaintza gunea gainbegiratzen ari da, ingurua "egun argitan" aztertzeko.

Ibilgailu eta atari batzuek kalte handiak izan dituzte, hala nola, inkrustazio eta kristal apurtuak. Kalteak eragin dituzten bizilagunei Udalarekin kontaktuan jartzeko eskatu die, bihar, eta jarraitu beharreko pausuak azalduko zaizkie.

Bozeramaileen Batzordea eta konzentrazioak

Alfredo Etxebarria Elgoibarreko alkateak gaur goizeko bederatzietarako deitu du Bozeramaileen Batzordea. PSEren egoitzaren aurka izandako atentatua gaitzestea espero da.

Gainera, konzentrazioak izango dira gaur, eguerdian herriko udaletxearen aurrean, eta 19:00etan sozialisten egoitzan.

Bizilagunen erreakzioak

Gauean Elgoibarreko egoitza sozialistako izandako lehergailuaren ondorioak pairatu dituzten bizilagunek "beldur handiz" eta "inpotentziaz" bizi dituzte momentu horiek. Ertzaintzak 03:00ak baino lehenago hustu ditu egoitzatik hurbilen dauden etxeak, eta megafonia bitartez argibideak eman dituzte: lehioak ireki, pertsianak jeitsi eta egoitzatik hurbil dauden lekutatik aldentzea.

Leherketa dela eta autoa suntsituta duen bizilagun batek lehiotik ikusi zuen lehergailua barruan zuen poltsa. Autoaren alboan zegoen, sozialisten egoitzaren inguruan.

Bizilagunek egoera dela eta asealdia aipatu dute. "Ustekabe handia izan da. Ez dugu lorik egin. Arratsaldean lo egingo dugu, ahal badugu", azaldu dute.

Bigarrena 72 ordutan

Erasoak ETAk 72 ordutan PSE-EEren aurka burutu duen bigarrena da. Iragan ostegunean, ETAk bost kilo amonalez osatutako lehergailua jarri duen Abusu auzoko egoitza sozialistan. Patruila batek lehergailua aurkitu zuen, eta 05:30etan eztanda egin zuen, zazpi ertzaini zauri arinak sortuz eta egoitzan zein alboko etxeetan kalte handiak sortuz.

PSE-EEren aurkako seigarren atentatua su-etena hautsi zenetik

ETAk su-etena hautsi ondoren sozialisten aurka burutu duen seigarren atentatua izan da gaurkoa.

Balmasedan abenduaren 24an, Derion otsailaren 29an eta Bilbon iragan apirilaren 17an egindakoen ondoren, egoitza sozialista baten aurka burutzen duten laugarrena da.

Horietaz gain, Isaias Carrasco zinegotzi ohia hil zuten eta Gabriel Gines bizkartzainaren autoan lehergailua ipini zuten. Bonbak, baina, huts egin eta sutea eragin zuen auto barruan. Ondorioz, Ginesek erredurak izan zituen aurpegian eta eskuetan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta