logo de eitb24
2008ko uztailak 21 | 01:09:08
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Osasuna

OSASUNA-DEPORTIVO

Ziganda: "Bigarren itzuliko talderik onena espero dut"

2008/04/19

Entrenatzaile nafarrak aldaketa bakarra egingo du hasierako hamaikakoan: Monreal zigortuta da eta Corrales ariko da bere ordez.

Bi garaipen jarraian lortu ez dituzten bi taldeetako bat da Osasuna (Levante azken sailkatua da bestea), eta behingoz bi partidatan sei puntu lortzea ziurtatu nahi dute gorritxoek Deportivoren aurka. Zaragozak Recreativo mendean hartzen ez badu mailari eusteko lehian aurrerapauso itzela emango luke Osasunak Lotinaren taldeari irabazita, eta asmo horrekin zelairatuko dira gorritxoak.

Jose Angel Zigandak partida gogorra espero du, dena dela: "Bigarren itzuliko talderik onena espero dut. Partida taktikoa izango da, eta pazientzia handia izan beharko dugu. Ez dut gol aukera askorik espero, eta etxeko azken bi partidak bezain bizia ere ez da izango nire ustez. Deportivo oso sendo ari da, bost atzelarirekin oso indarstu daude atzean, eta geldikako jokaldietan min egiten dute, gainera", esan du Osasunako entrenatzaileak.

Hasierako hamaikakoari dagokionean berritasun gutxi izango da, eta iragan asteburuan Espanyolen zelaian 0-1 irabazi zuten jokalarien aldeko apustuarekin jarraituko du Larraintzarko entrenatzaileak. Hori bai, aldaketa bat derrigorrez egin behar du Zigandak: Natxo Monreal zigortuta dago txartel pilaketaren ondorioz, eta aspaldiko partez (lau hilabete pasa) Corrales hasieratik ariko da atzealdearen ezker hegalean.

Ustezko hamaikakoak:
Osasuna: Ricardo; Azpilicueta, Cruchaga, Miguel Flaño, Corrales; Astudillo, Puñal; Juanfran, Plasil, Vela; eta Kike Sola.

Deportivo: Aouate; Barragan, Lopo, Pablo Amo, Coloccini, Filipe Luis; Wilhelmsson, Sergio, De Guzman, Lafita; eta Xisco.

Epailea: Ramirez Dominguez (Andaluziar Eskola).
Zelaia: Reyno de Navarra.
Ordua: 17.00etan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta