2008/04/17
Bilboko Abusu auzoan dagoen PSEren egoitzaren kontra ETAk egindako atentatua Ertzaintzari zuzendutako "tranpa" zela ukatu du Javier Balza Herrizaingo sailburuak, eta helburua Alderdi Sozialistaren lokala zela baieztatu du.
Radio Euskadin adierazi duenez, "ETAk talde bat dauka gisa honetako atentatuak egiteko Euskadin". Talde horretako kideak atxilotu artean, "arriskua handia" dela ohartarazi du.
Balzak azaldu du ETAren abisua jaso baino lehen Ertzaintzak lehergailua antzeman duela, izan ere, "Alderdi Sozialistaren egoitzak zaintzeko dispositiboaren baitan lanean zegoen patruilak susmo txarra hartu dio bultoari, abisua jaso aurretik. Hori dela eta, jarraian lanean hasi dira. Pena da apur bat lehenago, lehergailua jartzen ari zirela, pasatu ez izana".
Balzak deitoratu du atentatuak pairatzen dituztenak "auzoko bizilagunak" direla. Leherketaren ondorioz zauritu diren ertzainei dagokienez, agenteak azkar aritu direla baina etxe batetik adineko emakume bat atera behar izan dutelako atzeratu dela eraikinaren hustea.
Beste garai batzuekin alderatuta, egun ETA "ahulago" dagoela agerikoa dela esan du Balzak. Alabaina, "atentatuak egiteko borondatea dagoenean neurriak hartu behar dira", zehaztu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia