logo de eitb24
2008ko uztailak 07 | 12:39:55
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

ATENTATUA

Zazpi ertzain arin zauritu dira ETAren bonba batek Bilbon eztanda eginda

2008/04/17

PSE-EEk Abusu auzoan duen egoitzaren aurka egin du eztanda lehergailuak. ETAk leherketa gertatu baino ordu erdi lehenago eman du abisua. Udalak kalteen erreklamazioak egiteko bulegoa zabaldu du.

Lehergailu batek eztanda egin du gaur goizean, 06:00etan, PSE-EEk Bilbon, Abusu auzoan, duen egoitzaren aurrean.

ETAren izenean hitz egin duen lagun batek eman du abisua 05:30ean, DYAra deituta. Ertzaintzak ingurua itxi du eta bonba 06:00etan lehertu egin da.

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, lehergailua maleta baten barruan -maletak "kontuz, bonba" idatzia zuen kartel batean- zegoen eta Ertzaintzak ETAren ohartarazpena jaso baino lehen, 05:10 aldera aurkitu du. Orduan, inguruan bizi diren lagunak etxetik aterarazi dituzte.

Bost kilo lehergai zituen

Herrizaingo Sailak oraingoz ez du argitu ze lehergai mota zuen bonbak, bai, ordea, bost kilogramo zituela. Ordu zehatz batean lehertzeko tenporizadorea ere bazuela agertu du Ertzaintzak.

Zein lehergai erabili duten eta ETAren azken ekintza hau nortzuek burutu duten argitzeko ikerketekin jarraitzen du Poliziak.

Megafonia bidez jakinarazi die Ertzaintzak inguruetako etxeetako bizilagunei lehergailuak eztanda egin baino ordu erdi lehenago eta eraikinetatik ateratzeko agindu diete.

Ibaialde kaleko Tomas Meabe egoitzan izan da erasoa eta kalte pertsonal larririk egon ez den arren, zazpi ertzain arin zauritu dira. Hedatze-uhinak zauriak eragin dizkie belarrietan agenteetako biri. Gainera, hirugarren bat eskailera batzuetatik behera erori da bizilagun bat etxetik ateratzen laguntzen ari zela, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Beste lau ertzainek zauri txikiak izan dituzte eztandaren eraginez apurtutako kristalak gainera erorita, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Kalte materialak handiak izan dira PSE-EEren egoitzan eta inguruko lokaletan, horien artean sozialisten egoitzaren aurrean dagoen taberna batean. Gainera, bertan aparkatuta zeuden zenbait autok ere kalte handiak izan dituzte. Ondoko eraikin batzuetako kristalak ere apurtu egin dira. Hala ere, 10:00ak baino lehen bueltatu dira bizilagunak euren etxeetara.

Horrez gain, Ibaialde kaleko 120 bizilagun urik gabe daude eta eztandak gas horniduran kalteak egin dituen aztertzen aritu diren arren, azkenean baztertu egin dute.

Lekukoen testigantzak

Tomas Meabe sozialisten egoitzako tabernako jabeari motxila baten bila zihoala esan diote lehergailu bat zegoela atarian.

Bere zakurra barruan zegoen. Lokaletik ateratzerik ez zuenez, arin zauritu da. Tabernariak Radio Euskadin agertu duenez, egoitza sozialistara bidean zihoala ertzain batzuk aurkitu ditu atarian eta "atean lehergailu bat" zegoela jakinarazi diote.

"Zain egon naiz barruan zakurra nuelako, lehertu denera arte izan naiz zain. Zakurra albaitariarengana eraman dut eta zaurituta baina ondo dago", esan du.

Beste bizilagun batek Radio Euskadin esan du leherketa "nahikoa handia" izan dela eta beste baten arabera, "lokaleko atea suntsituta geratu da".

PSE-EEren aurkako bosgarren atentatua su-etena hautsi zenetik

ETAk su-etena hautsi ondoren sozialisten aurka burutu duen bosgarren atentatua izan da gaurkoa eta lehenengoa Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzia hil zutenetik.

Balmasedan eta Derion abenduaren 24an eta otsailaren 29an egindakoen ondoren, egoitza sozialista baten aurka burutzen duten hirugarrena da.

Horrez gain, gaurkoa ETAk azken sei hilabeteetan Abusu auzoan egin duen bigarren atentatua da. 2007ko urriaren 9an erakunde armatuak lehergailu bat jarri zuen Gabriel Gines bizkartzainaren autoan. Bonbak, baina, huts egin eta sutea eragin zuen auto barruan. Ondorioz, Ginesek erredurak izan zituen aurpegian eta eskuetan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta